'Bere': «Bi segundoko animazioa egiteko bi edo hiru egun ematen ditut lanean»
Joxe Manuel Bereziartua Berek (Urretxu, 1963) Zumarragako Arte Ederren Udal Eskolan animazioaren inguruko ikastaroa eskainiko du apirilaren 18tik maiatzaren 23ra bitartean. Ez da eskolan ematen duen lehenengo ikastaroa, aurretik ere irakasle lanak eginak ditu bertan. Oraingoan, halere, gaia aldatu du, eta lehen karikaturak egiteko teknikaz aritu bazen, ikastaro berrian ordenagailu bitartez marrazkiei mugimendua ematen erakutsiko die ikasleei. Ikastarorako izena emateko epea etzi itxiko dute. Izena emateko Arte Ederren Udal Eskolara jo daiteke. Matrikulak 30 euro balio ditu, eta 20 euro langabetuentzat zein ikasleentzat.