Getxon galdu arren, bi punturekin itzuli da Ampo Ordizia
Ampo Ordiziak galdu egin zuen atzo Getxo Artearen aurka Faduran (37-32), baina hala ere, ez da esku hutsik itzuli, defentsako eta erasoko puntu gehigarri bana lortu baititu, zazpi punturengatik baino gutxiago galtzeagatik eta lau entsegu lortzeagatik. Bi partida soilik geratzen dira liga erregularra bukatzeko, eta Ampo Ordiziaren helburua laugarren bukatzea da, titulurako play off-etan kantxa faktorea alde eduki ahal izateko.
Partida ez zen ondo hasi Ordiziarentzat, lehen minuturako entsegua lortu baitzuten getxoztarrek. Iñaki Susok lortu zituen Ordiziakoen lehen puntuak entsegu batekin (7-5), baina bizkaitarren erreakzio beste entsegu eta zigor kolpe bat gauzatzea izan zen, eta gauza bera egin zuen Ordiziak, atsedenaldira 17-15 joanez. Bigarren zatia lehenengoa bezalaxe hasi zen, eta markagailua oso orekatua bazen ere, Getxo beti aurretik joan zen, eta bost puntuak etxean geratzea lortu zuen: 37-32.
Larunbatean, Gernikara
Norgehiagokaren bukaeran, Axio Arañak nabarmendu zuen taldeak antzeman egin zituela bajak –Krollek ez zuen jokatu, eta Grendek, Simpsonek eta Groenewaldek zelaia utzi behar izan zuten minez–, baina harrobiko mutilen lana txalotu zuen. Asteburuko puntuak batuta, Ordiziak laugarren postuari eutsi nahi dio, eta horretarako El Salvador bosgarren sailkatuari irabazi beharko dio Altamiran hilaren 21ean. Horren aurretik, datorren larunbatean, hilak 13, Kopako finalerdiko itzuliko partida jokatu dute Gernikak eta Ordiziak Urbietan.