Biktima guztiei aitortza eta justizia egin behar zaiela diote Zabalak eta Lasak
Maixabel Lasak eta Pili Zabalak lehen pertsonan kontatu zituzten, atzo, indarkeriaren ondorioz jasan dituztenak. Lazkaoko Gerriko elkartean aritu ziren, ordu eta erdiz. ETAk senarra hil zion Lasari, Juan Mari Jauregi legorretarra, 2000n Tolosan. Eta GALek anaia hil zion Pili Zabalari, 1983tik 84 bitartean. Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuarteletan eta Donostiako La Cumbre jauregian torturatu, eta Alacanteko paraje batean kare bizitan ehortzi zuten, Joxean Lasarekin batera, buruan hiruna tiro jo eta gero.
Gorrototik eta mendekutik urruti, aitortza, erreparazioa eta elkarbizitzarako urratsak lehenetsi dituzte Zabalak eta Lasak. Euskal Herria bizi da! hitzaldi sortaren seigarren eta azkeneko saioa zen, biktimei eskainia.
Biktimen nahia beren sendiko hildakoa “azkena” izatea dela azaldu zuen Lasak. «Gai honi buruz, sufritu dugunok gure artean askoz errazago hitz egiten dugu. Izan den gorroto hori ez da benetako egia. Inguruan dagoen jendearen artean gorroto gehiago dago, biktimen artean baino. Guk badakigulako bestearen parean jartzen. Enpatia, elkartasuna eta babesa sortzen da gure artean, sufrimentua berdina baita».
Zabala bat etorri zen, eta “negarrak berdinak” direla esan zuen. “Giza duintasuna denok daukagu, eta inoren bizitza ezin du inork kendu. Hori da abiapuntua, eta zorionez topatu dugu. Orain bideak ireki behar dira”, gehitu zuen Joxi Zabalaren arrebak.
Indarkeria jasan duten guztiei “justizia eta aitortza” egin behar zaiela defenditu dute.
Solasaldiaren erreportaje zabalagoa, bihar Goierriko Hitza-ren papereko edizioan.