
Haur batek erabat aldatzen du bikote baten egoera. Mila kezka sortzen dira eta haurrari ahalik eta hezidura onena ematen saiatzea dira denak. Zalantzak, ordea, mila izaten dira eta sarri ez da erraza izaten galderei erantzuna aurkitzea. Arazo honen aurrean aurkitu dira hainbat goierritar, eta honi erremedioa jarri nahian proiektu ezberdinak jarri dira martxan, nork bere zalantzak argitu eta egoera berean daudenei ere laguntzeko.
Asmo horrekin hasi zen, esaterako Itxaro Mendizabal bere web orrialdea egiten:
Ttiklik.com. Mendizabalen esanetan «guraso asko erabat galduta sentitu izan gara haurrak izaten ditugunean: garai batean baserrietan ama eta amonak kezka horiei erantzun ematen saiatzen ziren, baina, egungo familia ereduetan babes horren falta ikusten nuen». Horregatik hasi zen web orrialdea egiten:

Eta eginez-eginez, mundu osoan zehar irakurleak zituela konturatu zen eta berak zintzilikatutako informazioa gertuko jende askok ere jarraitzen zuela ikusi zuen: Egunean 300 lagun inguru sartzen dira bere webera.
Orain, kezka horiei erantzun emateko hitzaldi, ikastaro, tailer eta bestelako ekintzak egiteko lokal bat irekiko du, maiatzaren 3an, eta bertan gurasoen kezkak erantzuteko gai ezberdinak landuko ditu: haurdunaldi ikastarotik hasi eta haurrek hilerokoa dutenean nola jokatu daitekeenaren inguruko hitzaldietara iritsi arte, bikotekideen erlazioaren inguruan,… Horretarako, irailetik aurrera nutrizionista, masajista, osteopata, psikiatra eta askotariko profesionalak ekarriko ditu ikastaroak ematera.
Beasainen iriki berri den beste proiektu bat Meitai Maitie da. Haurrak eramateko motxilak, kristalezko botila eta biberoiak eta pardel berrerabilgarriak saltzen dituzte hemen.

Kasu honetan ere beharretik sortu zen dena. Gloria Urkolaren eta Ander Gorrostizuren lehen haurra zesarea bidez jaio zenean norberak haurra motxilan eramatearen onurak ezagutu zituzten. Azken batean, haurrak sabel barruan dagoenean beroa, kontaktua, soinuak eta bestelakoak sentitzen dituzte, eta berriro sabel ondoan eramanez, haurraren eta amaren arteko banaketa ez da hain bat-batekoa izaten.
Web orrialde batean hasi ziren gero,
www.meitaimaitie.com, haurren motxilen estalkiak saltzen eta Euskal Herri osoan zehar hitzaldiak ematen hasi ziren motxilen, pardel berrerabilgarrien eta umeen hazieraren inguruan. Tailerretara joaterik ez zuen jendea arratsaldetan euren etxera joaten zitzaien eta arratsaldero etxean bezeroak izatera iritsi zirenean erabaki zuten Beasainen lokal bat irekitzea.
Bertan, hiru produktu hauek saltzeaz gain, ikastaroak emango dituzte; batetik euren produktuen erabilerari buruzkoak eta, bestetik, bezeroen eskaeraren araberakoak. Denda astelehen, asteazken eta ostiraletan egongo da zabalik 16:30etik 20:00etara.
Bi proiektu hauek bat egiten dute arazoak taldean elkarbanatzea oso aberasgarria dela esaterakoan, eta uste berekoak dira Beasaingo beste elkarte batzuk ere. Ttiklikek eta Meitai Maitiek lokal bat izango duten arren, badira lokal jakinik izan ez arren, gurasoak batu eta dituzten kezkak elkarbanatzen dituzten beste elkarte bat ere Beasainen: Irriargi elkartea da hori.
www.irriargi.com.

Bizimodu konszienteago baten aldeko taldea bezala definitzen dute euren burua eta inongo irabazi asmorik gabe, hilabeteroko lehenengo larunbatetan biltzen dira Beasaingo Ludotekan. Hurrengo bilera maiatzaren 4ean egingo dute Ludotekan, eta oraingoan psikomotrizitatean aditua den lagun bat ere izango dute beraiekin.
Irriargitik abiatu zen beste proiektu bat sortze bidean dagoen hezkuntza alternatibo baten aldeko Hezi Goierri proiektua da.
Beraz, haurren hezieraren inguruan sortzen ari diren laguntza-talde eta material berrien proiektuak asko dira Beasainen. Orain, babes eta aukera horietaz baliatzeko aukera dute, beraz, haurrak dituzten edo izatera doazen gurasoek.