Lazkaoko eta Ordiziako kiroldegiek erabilera akordioa egin dute
Lazkaoko Joxemiel Barandiaran Udal Kiroldegiak eta Ordiziako Majori kiroldegiak lankidetzarako akordioa egin dute. Bi kiroldegietako erabiltzaileek eta bazkideek, beren instalakuntzak zerbitzutik kanpo edo itxita daudenean, auzo herrikoak erabili ahalko dituzte.
San Prudentzio jaiotan jarriko dute indarrean akordioa. Festa egunetan itxita egongo da Lazkaoko Joxemiel Barandiaran Kiroldegia jaiengatik, apirilaren 27tik maiatzaren lehenera. Hala, Lazkaoko kiroldegiko bazkideek Majori erabili ahalko dute, larunbatetik aurrera.
Kirolzaleei zerbitzua bermatzeko egin dute bi herrietako kiroldegiek bat. Bietako bat itxita dagoenean, eta bestea irekita badago, herri bateko bazkideek beste herriko instalazioak erabili ahalko dituzte.
Hitzarmena «elkarlanerako lehen urratsa» dela esan dute bi kiroldegietako arduradunek. «Herrien arteko elkarlanean urrats txiki bat da, baina herritarrentzako, eta kasu honetan kirola egiten dutenentzako, urrats garrantzitsua delakoan gaude».