
Udaberriko aurreneko festak hemen dira, Lazkaoko sanprudentzioak. Aurreko asteburuan imintzioa eginda, bihartik asteazkenera benetako joaldia izango dute jaiek. Biharrera itxaron nahi ez duenak, gaur ere badu kaleko giroan murgiltzeko aukera. Pintxo-pote berezia egingo da iluntzean, trikitilariek alaituta.
Jaien hasierako suziria bihar 19:00etan botako dute, udaletxeko balkoitik. Zilarrezko eta urrezko urteurrenak bete dituzten Lazkaoko bi erakundek izango dute ohorea: San Benito Ikastolak (50 urte) eta Maizpide euskaltegiak (25 urte). Pregoia bi ikastetxeetako ordezkariek irakurriko dute. «San Benitok eta Maizpidek azken urte askoan euskararen alde zer nolako lana egin duten badakigu. Bejondeizuela», esanez eskaini die udalak txupina botatzearen ardura. Jaietan euskara erabiltzeko eskea ere egin du.
Azken urteotan indar handia hartu du txupinazoak, eta jende asko erakartzen du. Bihar, pregoilariez eta udal ordezkariez gain, Oin Arin dantza taldeak eta Lazkaotxiki musika eskolak ere parte hartuko dute. Musikariek Ikastolaren ereserkia pieza joko dute, guztiek abes dezaten. Dantzariek doinu horren koreografia dantza bidez jarraituko dute. Ondoren, musika eskolako gazteen konbo taldeek joko dute, oholtzan.
Musika aukera handia
Festek berekin dute musika taldeen aukera ere. Musika eskolako ikasleen arteaz gain, euskal musikagintzan gaur egun puntan dauden taldeetatik bi ekarriko dituzte. Bi talde nafarrek osatuko dute larunbat gaueko kontzertua: Hesian eta Bizardunak taldeek.
Sakanan (Nafarroa) 2006an sortutako Hesianek punk-rock eta hardcore melodikoa, ska ukitu batekin, ekarriko du Lazkaoko plazara. Bizardunaken, berriz, «euskal folk erradikala» aireratuko dute bederatzi kideek, Aritz Artola lazkaotarra tartean dela.
Akerbeltzek, Eganek eta bertako Drindotsek osatuko dute udalak kontratatutakoen karteldegia. Txosnek ere beren egitaraua ondu dute —ikus 5. orrialdean—. Bihar gauerako jarri dute kontzertu sendoena. Desastrozombies, Inoren Ero Ni eta On taldeek joko dute. Disko jartzaileek borobilduko dute biharko gaua, baita asteartekoa ere.
Jai egitarauak urteroko egitura bera izango du. Larunbata mozorrotuen eguna, hilaren 28a zaindariaren eguneko ospakizunez betea, astelehena umeentzat, eta 30a kuadrillena. Lazkaon ohikoak diren xake txapelketa (bihar) eta eskualdeko igeriketa lehiaketa (maiatzaren lehenean) ere jokatuko dira.
Mozorrotuen egunean, larunbatean, Gazte Asanbladak bazkari herrikoia antolatu du, txosna gunean. Paella, oilaskoa eta postrea eskainiko dute. Txartelak Antsoategin erosi behar ziren astearterako, langileek 15 euro eta langabetuek 10 euro ordainduta.
Mozorrotutako kuadrillek plazan ere bazkaldu ahalko dute. Udalak mahaiak eta aulkiak utziko ditu arkupeetan.
Bestetik, Gazte Asanbladak indarrean du herriko merkataritzaren aldeko kanpaina. Erosketak parte hartu duten dendetan eginez gero, zozketa-txartelak jasoko ditu bezeroak. Sariak bildu dituzte asanbladakoek, merkatariek eurek emanak, eta asteleheneko play-back saioan zotz egingo dituzte.
Bestetik, udalak lehenengo aldiz antolatutako jaietako argazki lehiaketa ere badute herritarrek. Festetan atera behar dira argazkiak, eta maiatzaren 24rako udaletxera eraman. 30x40ko kartulinetan itsatsita, bakoitzak lau argazki aurkez ditzake. 150, 100 eta 50 euroko hiru sari daude.
Afariak eta erakusketak
Jaien osagarri, San Benito ikastolak afariak emateko zerbitzua eskainiko du. Bihartik asteartera, bi egunak barne, gauero zabalduko dute San Prudentzio eskola-etxeko barruko jolastokia.
Erakusketak ere izango dira egunotan. San Benitoko ikasleen lanen bilduma larunbatetik astelehenera eta asteazkenean ikusi ahalko da, 12:30etik 14:30era, San Prudentzio eraikinean.
Azti emakume elkarteko kideen harizko lanen erakusketa bihartik maiatzaren 1era egongo da, 12:00-14:00 eta 18:30-20:30 bi0tarteetan. Bainika, ehoziri eta kakorratz lanak jarriko dituzte.
Danborradak ere ospatuko dira. Haurrenak iaz izan zuen 25. ekitaldia, eta ohiturari jarraituz, azken egunean egingo dute, asteazkenean. Helduenak laugarren aldia izango du, igande gauean. Bi danborradetan ibilbidea San Prudentzio auzoan hasiko da, eta plazan bukatu.
EGITARAUA
OSTIRALA, apirilak 26
- 15:00. Xake txapelketa, ikastolako haurren artean. Plazako pilotalekuan.
- 19:00. Txupinazoa eta pregoia, udaletxeko balkoitik. Jundajo txaranga eta buruhandiak.
- 19:30. Lazkaotxiki musika eskolako taldeen musika saioa.
- 23:00. Duatloi superesprinta, korrika eta bizikleta proba.
- 23:00. Kontzertua, txosnetan: On, Desastrozombies eta Inoren Ero Ni. Gero, Olarius&Brothers musika jartzaileak.
- 24:00. Drindots taldearekin dantzaldia, plazan.
LARUNBATA, apirilak 27. Mozorrotzeko eguna
- 09:30. Jubilatuen ibilaldi neurtua, Zelaitik.
- 10:30. Artisau azoka eta Lazkaoko talogileak. Plazan.
- 12:30. Mozorrotuen juntadizoa, Jundajo txarangarekin.
- 14:30. Herri bazkaria, txosnan.
- 17:00. Sokole taldea, Afrikako musika eta dantza, kalean.
- 18:00. Bezperako elizkizuna, San Prudentzio ermitan.
- 19:00. Buruhandiak eta Antzar Gazteak txistulari taldea.
- 19:00. Sardina jana, plazan.
- 23:00. Hesian eta Bizardunak taldeen kontzertuak, plazan.
IGANDEA, apirilak 28. San Prudentzio eguna
- 09:00. Txistularien goizeresia.
- 10:30. Prozesioa, parrokiatik San Prudentzio ermitara.
- 11:00. Meza, San Prudentzion.
- 11:00. Lapke pilota eskolako haurren partidak. Lazkaotxiki musika eskolako trikitilariak.
- 13:00. Udal agintarien sokadantza, udaletxe aurrean.
- 18:00. Pilota txapelketa herrikoiaren finala, plazan.
- 18:30. Dantzaldia trikitiarekin, Oin Arin taldekoekin.
- 22:30. Helduen IV. Danborrada. San Prudentziotik plazara.
ASTELEHENA, apirilak 29. Haurren eguna
- 09:00. Antzar Gazteak taldeko txistularien goizeresia.
- 11:00-13:30 eta 16:00-18:30. Haurrentzat jolastokiak, hiru lekutan: Elosegi-Hirigoien artean, Lazkao Txiki Zelaian eta San Jose auzoan (euria eginez gero, kiroldegian).
- 18:00. Haurrentzat ‘ginkana’ eta txokolate-jana. Txosnetan.
- 18:30. ‘Play-back’ kantaldia, San Benito ikastolako haurrekin. Plazan. Gazte Asanbladak merkatarien laguntzarekin antolatutako zozketa.
- 22:30. Egan taldea.
ASTEARTEA, apirilak 30. Kuadrillen eguna
- 12:00. Oria txaranga, Txindoki gerontologikoan.
- 12:30. Kuadrillen juntadizoa, Oria txarangarekin.
- 17:00. Irrien Lagunekin kanta eta dantza saioa, plazan.
- 18:00. Kalejira, txarangarekin.
- 23:00. Akerbeltz taldea.
- 23:00. DJ Bull eta DJ Ogt, txosnetan.
ASTEAZKENA, maiatzak 1
- 11:00. Eskualdeko 21. Igeriketa lehiaketa, kiroldegian.
- 12:00. 25. Bakailao lehiaketa, plazan.
- 13:00. Urrezko Aizkora lehiaketako aizkora saioa, plazan.
- 16:00. Toka lehiaketa, plazan.
- 16:30. Dantza solteko 33. txapelketa, plazako frontoian.
- 18:30. Haurren danborrada, San Prudentzio auzotik plazara.