Zegamako Orkatz Txiki haur abesbatzak Benito Lertxundiren kantak abestuko ditu
Zegamako Orkatz Txiki haur abesbatzak Benito Lertxundiren kantak abestuko ditu asteburu honetan Tolosan eta Zegaman, Et Incarnatus orkestrarekin eta Euskal Herriko beste haur abesbatza batzuekin batera.
Ostiraleko emanaldia Kilometroak festaren alde antolatu da eta Tolosako Leidor antzokian egingo da, 20.30ean. Orkatz Txikirekin batera, Tolosako Lask abesbatza, Donibane Garazi, Baigorri eta Hendaiako eskola publikoetako haur abesbatzak, Gasteizko Crescendo eta Et Incarnatus orkestra arituko dira. Sarrerek 10 euro balio dute eta Tolosako Laskurain ikastolan, Kilometroak dendan, Leidorren eta kutxasarrerak.net-en eskura daitezke.
Larunbatean, berriz, Zegamako XI. Haur Abesbatza Jaialdia egingo da. Kontzertua parrokian emango da, 18:00etan. Orkatz Txikirekin, Iparraldeko haurrekin eta Et Incarnatus orkestrarekin, Orkatz eta Donostiako Mikelategi arituko dira. Lertxundiren abesti ezagunenak abestuko dituzte: Bizkaia maite, Baldorba, Oi lur!, Oi ama Euskal Herria, Udazken koloretan…
Abestiok Josean San Migelek moldatu ditu eta kontzertua Migel Zeberiok zuzenduko du. Gizon honek Orkatz abesbatza zuzendu zuen bere garaian eta bere bitartez parte hartu dute zegamarrek egitasmo honetan.
Iparraldetik etorriko diren 75 haurrek gaua Segura eta Zeraingo aterpetxeetan pasako dute eta larunbat goizean Orkatz Txikiko haurrekin elkartuko dira. Zegama ezagutuko dute eta Aizkorriko Ataria interpretazio zentroa bisitatuko dute. Ondoren, elkarrekin bazkalduko dute ikastetxeko patioan.