Gabiriako haur abesbatzak estreinaldia egin du
Gabiriako Haur Abesbatzak igandean egin zuen jende aurreko lehenengo kantaldia, estreinaldikoa. Azaroan sortu zuten taldea. Udaberri Kulturala egitarauaren barruan, eliza ondoko antzokian aritu ziren. Txindata musika eskolako ikasleek —asko koruan ere badabiltzanak— osatu zuten musika emanaldia. Entzuleek aretoa bete egin zuten, gurasoak eta aitona-amonak gehienak.
Ahots eztiz, haurren koruei dagokien samurtasuna barreiatu zuten. Azaroan sortu zuten taldea, eta ordutik prestatutako zenbait abesti eskaini zituzten, batzuetan dantza-koreografiak ere txertatuta.
Miren Gurutze Plazaola oñatiarra da haur abesbatzaren zuzendaria, hasieratik. Hainbat koru gehiago ere zuzentzen ditu. Gabiriakoan hamabi kantari ditu, zazpi neska eta bost mutil. Sei urtetik hamabira bitartekoak dira, adin mugarik ez dagoen arren. Ostiralero entseatzen dute.
«Denok irrikitan geunden lehen kontzertua zer izango zen jakiteko, eta benetan txundituta geratu gara dantzak ikusi eta abestiak entzundakoan», zioen guraso batek.
Jatorri desberdinetako abestiak abestu zituzten estreinako saioan: mexikarrak, israeldarrak, afrikarrak, eta euskaldunak. Ekainerako musikal bat prestatzen ari direla aurreratu dute Gabiriako Haur Abesbatzakoek. Txalo faltarik ez dute izango orduan ere.