Guardia zibil bertsolariei buruzko pelikula estreinatuko dute Gabirian
Ostiralean, 22:00etan kultur etxean, Gabiriako gazteek euren hirugarren pelikula aurkeztuko dute: Benemeritoak.
Film hau bertsolaritza eta zinea uztartzen dituen Beasaingo Bertsomovieda lehiaketarako grabatu dute. 24 minutu pasatxoko iraupena du eta guardia zibilak dira protagonistak. Euskal Herriak independentzia lortu ondoren, alde egin edo bertan integratu erabaki behar dute eta koartel batekoek bigarren aukeraren aldeko hautua egingo dute. Integratzeko bertsotan egiten ikastea erabakiko dute.
Gabiriarrak Alex Areizaga zumarragarraren eskutik hasi ziren filmak grabatzen. Areizaga Gabirian bizi izan zen eta bertako gazteek, Urretxu eta Zumarragako gaztetxeko lagunekin pelikula bat grabatu zuen jakitun, eurekin ere film bat grabatzea proposatu zioten.
Hala, 2011n apustu bati buruzko Baietz! lana estreinatu zuten. Ia herritar guztiek parte hartu zuten era batera edo bestera: animaliak eta auto zaharrak utziz, aktore bezala…
Lehen lan honen arrakasta ikusirik, pelikula gehiago egitea erabaki zuten. Iaz, Bertso Road Movie grabatu zuten Beasaingo Bertsomovieda lehiaketarako. Eta irabazi egin zuten, gainera. Pelikula honetan bertsolaritza ez ohiko tokietara eraman zuten: Barakaldoko Burger King-era eta Burgosera, adibidez.
Ostiralean hirugarren filma estreinatuko dute eta lanean jarraitzeko asmoa dute. «Beste pelikula bat grabatzeko asmoa dugu, baina gidoirik ez dugu oraindik. Beti bezala, afari bat egingo dugu eta bertan ateratzen diren ideietan oinarrituko gara», aipatu du Areizagak.
Zumarragarrak oso pozik lan egiten du gabiriarrekin. «Asko gustatzen zaie mundu hau. Kuadrillek festetan antzerkia egiten dute eta, nire ustez, horrek zaletzen eta esperientzia hartzen lagundu die. Harrituta naukate. Beti lanerako prest daude».
Gabiriarrek ondo zaintzen dute antzezle harrobia. Larunbatean eskolako ikasleek antzerki, bertso eta abesti emanaldia eskainiko dute elizako aretoan. 17:00etan hasiko da.
Bai ostiraleko zine emanaldia eta bai larunbateko ikuskizuna Udaberri Kulturalaren barne antolatu dira. Azken ekitaldia hilaren 11n egingo da: Arrasate, Legazpi, Zumarraga eta Gabiriako haurrek judo erakustaldia emango dute, 10:30etik aurrera, pilotalekuan.
Aurtengo edizioa martxoaren 31n hasi zen, ikurrinari egindako omenaldiarekin. Ordutik, hamaika ekitaldi egon da. Jokin Murua zinegotzia gustura ageri da. «Jende mordoxkak parte hartu du ekitaldi guztietan eta, hala behar izan dugunean, eguraldia lagun izan dugu».