Itsasondoko Urkia auzoan bihar hasiko dira Gurutze festak
Itsasondoko Urkia auzoan maiatzeko Gurutze festak ospatuko dituzte, asteburuan. Bihartik igandera bitarterako, auzotarrek egitarau bete prestatu dute, urteroko bi festa garaietako lehenari hutsik egin gabe.
Gurutze eguneko mezarekin hasiko dira festak, bihar 11:00etan. Hamaiketakoa egingo dute gero, Ostolaza eta Andonegi trikitilariekin. 14:30ean bazkaria dago, auzoko elkartean. 19:00ean trikitilariek joko dute berriz.
Larunbatean, 18:00etan suziriak bota, eta 30. Mus Txapelketa hasiko da. 21:00etan, lagun arteko afaria izango da. Laja eta Mikel trikitilariak ariko dira.
Igandean, azkenik, 12:00etako mezaren ondoren, hamaiketakoa zerbitzatuko dute. Imanol Astiazaran eta Lutxurdio trikitilariak joango dira erromeria girotzera, eguerdian nahiz iluntzean. 14:30ean bazkaria dago, 18:30ean emakumezkoen toka txapelketa, eta gero gizonezkoena, 30. aldiz.