Lazkaomendin festak ospatuko dituzte, larunbatean eta igandean
Lazkaoko jaien txanda Lazkaomendiko festek hartuko dute, bihar eta etzi. Auzoan giro ona jartzen eta jendetza erakartzen duten ekitaldiak izango dira.
Junior txirrindularien 38. Lazkaomendiko Probarekin hasiko dira festak, bihar 16:00etan. Lazkaoko kaletik abiatuko dira, eta 18:00ak aldera Lazkaomendin dute helmuga Alegiaraino bi joan-etorri egin, eta azken txanpan Olaberria igoko dute, Lazkaotik gora Lazkaomendiko azken igoerari ekiteko (80 kilometro).
Bihar, 17:00etan, Potxin eta Patxin pailazoak jardungo dira, Lazkaomendiko eskoletan. Ondoren, Agurtzane eta Jon Elustondo legazpiarrekin erromeria izango da. 21:00etan auzo afaria egingo dute, Ixurrenen, eta trikitilarien emanaldiak alaituko du gaua.
Ibilaldi neurtua igandean
Festetako bigarren jardunaldia ere kirol giroan hasiko da, igandean 08:30ean. Lazkaomendiko ibilaldi neurtua orduan hasiko da, Lazkaoko plazatik, Amalur elkartearen eta ikastolaren laguntzarekin. Plazatik irten, Enparandegi, Iribe Txiki eta Sukia baserrietatik Ataun aldera jo, eta Amundarainera igoko dira, handik Ixurrenera iristeko.
Hiru, lau edo bost lagun joan litezke taldean.Iritsieran, 11:00etan, haur jolasak egingo dituzte, Lazkaomendin. Lazkaotxiki eskolako trikitilariek eta Oin Arin taldeko dantzariek erromeria girotuko dute jarraian. Meza 11:00etan izango da, San Joan Ante Portam Latinam ermitan.
Etzi, 17:30ean, herri kirol erakustaldia hasiko da. Arrospide-Azurmendi eta Atutxa II.a-Mugertza II.a jardungo dira aizkoran, Iñaki Perurena eta Izeta II.a harri jasotzen, Gabisola aurkezle dela. 19:00etan, Izar eta Alabier eta bertsolariak ariko dira.