Nafarroaren batasuna gogoratu dute Ausa-Gazteluko ekitaldian
Nafarroako erresumaren gazteluetako bat izan zen Aralarko lurretan dagoen Ausa-Gaztelu. Nabarralde elkarteak deituta, urtero egiten dute ospakizuna maiatzaren 1ean, Nafarroaren memoria berreskuratu nahian. Pronostikoak ikusita beldur izateko motiborik bazen, baina azkenean eguraldia portatu eta lasai egin ahal izan zuten Larraiztik gorako bidea. Behin gazteluaren aztarnak dauden tokian, dantzariek Nafarroako banderari agurra egin eta Nafarroako erresumaren ereserkia abestu zuten, txistuz lagunduta. Nafarroa «herri askea, txikia, baina subiranoa» zela gogoratu zuten ekitaldi horrekin, eta konkistatua izan zelako galdu zuela subirautza hori.