Ehunmilak probaren laugarren edizioa aurkeztu dute
Gaur goizean aurkeztu dute ofizialki datorren asteko asteburuan jokatuko den Ehunmiliak probaren laugarren edizioa. Beasaingo Igartza jauregian egin dute aurkezpena eta bertan izan dira Ricardo Idiakez Ternuako komunikazio arduraduna, Goiturreko Niko Osinalde, Koldo Agirre Beasaingo alkatea, Xabier Goikoetxea Mendi Federazioko arduraduna eta Arrastakako Andoni Zubeldia.
Probaren laugarren edizio hau posible egin duten guztiei eskerrak eman dizkiete bostek, “garai zailak badira ere, erakunde eta babesleak” hor egon direlako, eta horrela proba abtek herriari eta eskualdeari ekartzen dizkion onurak azpimarratu dituzte.
Egoera ekonomikoa onena ez bada ere, proban zerbait berritzailea sartzen saiatu direla azaldu dute. Aurtengo berrikuntza, smartphonetarako aplikazio berri bat izango da. Honen bidez, lasterkari bakoitza kontrol gunetik noiz pasatu den jakiteko aukera egongo da. Bolondresei banatuko zaizkien kamisetak ere erakutsi dituzte prentsaurrekoan. Aurtengoak gorriak izango dira.
Aurtengo faboritoak zeintzuk diren ere egin du aurreikuspentxo bat Zubeldiak, “betiere, aurreko urteetan podiuma nortzuk bete zuten kontuan hartuta”: Ehunmilaken Javi Dominguez, Imanol Aleson, Eugeni Rosello… gizonezkoetan eta emakumezkoetan aurten Nerea Martinezek errepikatuko du, Maddi Errezola, Jone Urkizu eta Jaione Sasieta… G2Han berriz, Luis Lasa eta Iker Zurutuzak errepikatuko dute eta nesketan Silvia Trigeros aipatu dituzte.