Goiturrek webgune berria aurkeztu du
Goierriko turismo agentziak, Goiturrek, webgune berria aurkeztu du Segurako Ondarre nekazalturismoan. Ekitaldian Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak, Eluska Gerriko Segurako alkateak eta Joxean Telleria webgunea berritu duen ACV Multimedia enpresako ordezkariak parte hartu dute.
Gaur egun pertsonen %80 baino gehiagok Internet erabiltzen du oporrak prestatzeko. Egoera berri honi erantzun egoki bat emateko asmoz, Goiturrek estrategia digital berri bat jarri du abian. Webgune berria da aldaketa honen isla nagusia. Aurrekoa 2008koa zen eta zaharkituta gelditu da.
Berria egiteko bisitariek zer eskatzen duten aztertu dute eta zaharrak ez zituen atalak gehitu dituzte. Adibidez, Gastronomia Klubari buruzkoa. Bertan, Goiturrek sagardotegi, jatetxe, erretegi, gaztandegi eta alojamenduen berri ematen du.
Gainera, naturari buruzko atala goitik behera berritu dute. Besteak beste, oinez eta mendiko bizikletaz egiteko ibilbideak etengabe gehituko dituzte.
Edukia une oro eguneratuko dute turisten eta Goiturrekin lan egiten duten turismo sektoreko enpresen beharrei erantzuteko. Azken hauek argazkiak gehiatzeko aukera edukiko dute.
Bestalde, webgune berriak hotel eta nekazalturismoetan logelak libre dituzten edo ez jakiteko aukera ematen du. Baita erreserba egitekoa ere.
Bukatzeko, Osinaldek Goiturreko kide guztiei webgunean dagokien atala begiratzeko eta une oro berritzen eta hobetzen laguntzeko eskatu die. Webgunea publizitatea egiteko modurik onena dela gehitu du.