Jazz kontzertuak izango dira larunbatean Araman eta Ordizian
Goierriko I. Jazzaldia larunbatean izango da, Ordizian eta Araman. Oraintsu sortu berri den Arama Jazz elkarteak antolatu du. Etzi, egun osoan banatuta, bost kontzertu entzuteko modua izango da, bi herrietan banatuta. Sarrera doan da, eta garraio zerbitzua egongo da.
Goierriko I. Jazzaldia larunbatean izango da, Ordizian eta Araman. Oraintsu sortu berri den Arama Jazz elkarteak antolatu du. Etzi, egun osoan banatuta, bost kontzertu entzuteko modua izango da, bi herrietan banatuta. Sarrera doan da, eta garraio zerbitzua egongo da.
Irabazi asmorik gabeko elkartea da Arama Jazz. «Jazz musika sustatzea eta Goierriko Jazzaldia bezalako ekitaldiak antolatzea dugu helburu», azaldu zuten, aurreko ostiralean, Aramako udaletxe berrian egindako aurkezpenean. Ordiziako musika eskolako ikasleen talde bat izan zuten laguntzaile, agerraldian kontzertua eginda.
Goierriko I. Jazzaldia aurkezten, ostiralean Araman./Hitza
Larunbateko jazzaldia Ordizian hasiko da, eguerdiko hamabietan. Jolasjazz boskoteak kontzertu didaktikoa egingo du, Barrena jauregiaren aurreko parkean. Jazzaren historia azalduko dute, baita generoaren berezitasunak ere. «Adin guztietako entzuleei jazzarekin gozatzeko aukera paregabea emango die».
Aramatik joan-etorrian
Arratsaldean jarraituko du Goierriko Jazzaldiak, Araman. Parkean bi kontzertu, eta plazan hirugarren bat eskainiko dituzte talde banak. Hasier Oleagak Cantus Caterva proiektua aireratuko du. Euskal jazzaren «erreferente» da Oleaga, antolatzaileen iritziz. Iñaki Salvador (pianoa), Mikel Andueza (saxofoia), Julen Izarra (saxofoia) eta Jon Piris (kontrabaxua) izango ditu alboan.
Aramako jarduna bukatzeko, DJ Busbu disko jartzaile ordiziarraren emanaldia izango da, plazan. Eguna borobiltzeko, berriz ere Ordiziara aldatuko dute Jazzaldiaren agertokia. Triz3ps talde donostiarrak bere azkeneko lana , EP izenekoa, aurkeztuko du, Barrenako parkean.
Lehen ere Ordizian zein Goierrin aritua den Javi Pez donostiarra (Javier Vicente Calderon) da Triz3ps taldearen gidari. Sustraiez Blai jaialdian jo izan zuen. Ekainaren 7an Urretxuko Santa Barbaran jo zuen, adibidez.
Triz3ps taldeak musikari boskotea ekarriko du Ordiziara. Javi Pezekin (ahotsa eta gitarra) batera Oriol Flores (bateria), Alberto Bosch (baxua), Paul San Martin (gitarra) eta Luis Camino (perkusioa) ariko dira. Estilo askoren nahasketa egiten dute, funky, soul, pop eta rock ukituekin. «Abesti original eta estilo pertsonalekoez gozatzeko aukera ezin hobea da».
Kontzertu guztiak doan dira, eta edonor joan ahalko da entzutera. Ordiziatik Arama joan-etorria egiteko autobus zerbitzua ipiniko dute, doan hori ere. Jazzaldiak Aramako eta Ordiziako udalen babesa jaso du, eta eskualdeko enpresa batzuek diruz lagundu dute.
Egitaraua
Larunbata, uztailak 6
ORDIZIAN
12:00. Jolasjazz, kontzertu didaktikoa. Barrenako parkean.
23:00. Triz3ps. Barrenako parkean.
ARAMAN
18:00. Barikuan. Parkean.
19:30. Hasier Oleaga. Parkean.
21:30. DJ Busbu. Plazan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.