Kultura ezberdinak elkarrengana biltzeko azoka egingo dute etzi
Parte hartzean oinarrituta antolatu du aurten Legazpiko Oripavi elkarteak Kultur Arteko II. Azoka. Bihar ospatuko dute egun osoan zehar, eta helburu nagusia herrian errealitate diren kultura ezberdinak elkarrengana gerturatzea izango da. Gastronomia postuak, musika emanaldiak, kirol jarduera eta hitzaldiak antolatu dituzte, besteak beste.
Gentzane Arruabarrena Oripavi elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, «Legazpin 33 jatorri ezberdinetako herritarrak bizi dira gaur egun». Datu horretatik abiatuta hasi ziren iaz proiektu honi gorputza ematen. Horrekin batera, immigranteek dituzten beharrei lotutako beste proiektu bat ere abian dute herrian, «beraiengana gerturatu eta elkarrizketa bat egiten diegu, hona iritsita zer behar izaten dituzten edo herrira egiteko zein zailtasunekin topo egiten duten identifikatzeko».
Kultur Arteko bigarren azoka izango da biharkoa. Guztira 45 stand jarriko dituzte Euskal Herria plazan «gastronomia eta artisautza produktuekin lotutakoak». Postu hauek 10:30etik 14:30era egingo dira zabalik. Azokak dirauen bitartean, 10:00etatik 12:00etara Marea berdea bizirik lelopean lasterketa herrikoia egingo dute Legazpin barrena. «Kolore biziko marea sortu nahi dugu, mundua hemen bizirik dagoelako ohartarazteko». Izen ematea hiru ordu laurden lehenago irekiko dute udaletxeko arkupetan. Besteak beste, Motorzaleen, Atletismo eta Patinatzaileen taldeek, Sorgintxulo elkarteak eta Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak hartuko dute parte.
Eguerdia baino lehen, 12:00etatik 13:30era, haurrentzako kultur arteko jokoak antolatuko ditu Sorgintxulo elkarteak. Bitarte horretan, 12:30ean Xabier Aierdi soziologoak hitzaldia eskainiko du. Goizeko ekintzekin amaitzeko, gastronomia dastatze herrikoia egingo dute plazan, «herritarrek azokan erositakoa edo etxetik ekarritako janaria jan ahal izango dute bertan», zehaztu du Arruabarrenak. Ontto Beltz, Armuño, La Bellota eta Hare Haizea elkarteek hartuko dute parte, besteak beste.
Musika emanaldiak ere bai
Arratsaldean eta gau partean gauzatuko dira biharko aurreikusitako musika emanaldiak. Folklore eta dantza tradizionalen erakustaldia egingo dute 16:00etatik 18:00etara. Hare Haizea (Sahara), Esperanza Latina (Donostia), Kari Warmi (Bolivia), Danza India Boliwood (Bartzelona) eta herriko Korosti dantza taldeak arituko dira tauka gainean.
Ordu berean antolatu dute gazteei zuzendutako eztabaida gunea. Oripavi elkarteko kideek gidatuta zenbait gairen inguruan eztabadatzea izango da helburua. Amaitzeko, musika kontzertuei egingo dituzte 19:00etatik goizaldeko 03:00ak bitartean. Legazpiko Sutan Ttakun, Samba Dzanga eta Barrunbadau taldeek, Zestoako Ada Begik eta Arabatik datorren Trikoma banda igoko dira taula gainera.