Lazkaoko Atenciones Metalurgicas Urbasa lantegian greba mugagabean daude langileak ekainaren 19tik. Zuzendaritzak ezarri nahi duen enplegua berregituratzeko planarekin eta soldatak jaisteko asmoarekin ez daude ados. Elkarretaratzea egin dute langileek eta CCOO sindikatuaren Goierriko hainbat enpresatako ordezkariek, Urbasak Lazkaon duen egoitzaren aurrean, Hirigoien kalean.
Urbasa lantegiko langileak eta ordezkariak, gaur goizean, enpresaren atarian./Aimar Maiz
Galdaragintzan jarduten da Urbasa, eta 26 langile ditu. CCOO sindikatuak enpresaren zuzendaritzaren «kudeaketa txarra» salatu du. Sindikatu horrek argitu duenez, 2007an Deinco taldeak erosi zuen lantegia, eta 2012ko abenduan ordu arteko kudeatzaileak kaleratu zituen. Gainbeheran etorri da harrezkero Urbasaren lana, CCOOren esanetan.
«Orduz geroztik, lan karga etengabe jaitsi da. Langileak Enplegua Eteteko Planean daude otsailetik, eta zuzendaritzak soldatak %30 jaisteko eskaera egin zuen. Kudeaketa hori salatu nahi dugu, enpresaren etorkizuna zoriaren arabera utzi duelako», deitoratu zuen CCOOk, atzo.
Azkeneko bi hilabeteetako lan-saririk ez dutela jaso salatu dute langileek. Maiatzeko eta ekaineko nominak ez dizkie ordaindu.
Elkarretaratzea gaur atarian
Urbasako langileak lantegiaren atarian egoten dira, egunero, ekainaren 19an greba hasi zutenetik. Urbasa, ordaindu zor duzuna edo Murrizketarik ez pankartak zabalduta dituzte. Lantegia ixteko arriskua irudikatzeko, atea zintaz bilduta daukate.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.