Opor kutsua bai, baina uda girorik ez
Tomate eta piper landareen egoera tristea ahoz aho dabil. Aurrera begira, besterik ezean, udakoak negutegietakoak jan eta udazkenekoengan esperantza jarri du jendeak porru, orburu, aza, azalore, brokori landare eta abar erostera bezero asko hurbildu baita.
Landare usaidunak geroz eta preziatugoak dira ferian, eta Iñaki Azanzak aukera polita izaten du bere postuan; momentu honetan, albaka, izpilikua, piperita menda eta erromeroa ditu. Sukaldariek asko aipatzen dituzte eta jendeak horrelakoak espezie gisa erabiltzeko gero eta joera handiagoa duela dio. Bestalde, lore salmenta denboraldi kaxkarraz mintzo da: «krisiak ez ezik, negu epela izan denez, loreak ez dira galdu eta gainera udaberri tristearekin, jendea ez da animatu berriak erostera».
Fruituetan aukera polita
Marrubi zuria, txikia bezain goxoa, magurdiak, andere mahats zuri eta gorriak, marrubiak eta gereziak daude aukeran fruitu berrien artean. Eguraldia kontuan hartuta harritzekoa ez bada ere, aurten San Joan sagarra berandu dabil; datorren astean ekarriko ote duten kontua esan digute.
Barazkietan erremolatxa berria aipatu behar Baliarraingo Edurneren baratzetik ekarria euroan hiruko sorta.
Hutsune nabarmena plazan
«Ministroa falta da gaur». Feriara astero huts egin gabe etorri ohi den Klaudio zeraindarrak Lasaren faltaz esana jaso dugu. Toki nabarmena hartzen du, askoren kontu leku izaten da bere postu aurrea, eta haren oporrak batetik eta Gasteizko Garbiñe Barandiaran ziza saltzaileak garaia aurrera eta etortzeari utzi dionez, pagotxa Basoa enpresakoarentzat, harena soilik baitzen atzoko onddo eta perretxiku aukera.
Arana, kofradiako kide berria
Igandean, Idiazabal Gaztaren Kofradiako kide bihurtuko da Joxe Mari Arana. Astero bere furgoneta plaza izkinan aparkatu eta baserri lanetarako lanabes eta beste eskaintzen ditu. Feriara etortzen daramatzan urte mordoxka eskertu nahian, kofrade izendatuko dute. Egunari buruzko informazioa, ordiziakoazoka.com gunean topa daiteke.
- Aste honetako prezioak