Gaztaren interpretazio zentroak ustiategietara bisitak antolatu ditu
Idiazabal gaztaren interpretazio zentroak aurtengo udako eskaintza turistikoa aurkeztu du. Berrikuntza nagusia herriko lehen sektoreko ustiapenetara eta Atxurbi mendiko larreetara bisita gidatuak dira.
Idiazabalgo ustiapenetara lehen bisita bihar bertan egingo dute. Olazagibel baserrira joango dira. Hilaren 19an, berriz, Ondramuño gaztandegira joango dira gazta nola egiten duten ikustera. Azkenik, hilaren 26an Arimasagasti gaztandegia bisitatuko dute. Bertan, Joseba Baezek behi esnearekin gazta ekologikoa nola egiten duen erakutsiko die bisitariei.
Bisita hauen iraupena ordu bete eta bi ordu artekoa izango da. Parte hartzaileak interpretazio zentrotik irtengo dira, 11:00etan. Helduek 5 euro ordaindu behar dituzte eta haurrek 3. Taldeak gutxienez sei lagunekoak izan behar dira.
Atxurbi mendiko larreetara bisitak, berriz, abuztuan egingo dituzte: 9an, 16an eta 23an, hain zuzen ere. Landa garapeneko teknikari batek ardien bizimoduari eta larreei buruzko azalpenak emango dizkie eta ondoren hamaiketakoa egingo dute gazta eta sagardoarekin.
Parte hartzaileak 10:00etan irtengo dira Idiazabal gaztaren interpretazio zentrotik eta 13:00etarako itzuliko dira. Helduek 10 euro ordaindu behar dituzte eta haurrek 5. Taldeak gutxienez lau lagunekoak izan behar dira eta gehienez zortzikoak.