Espedizioko hamaika kideak. Atzean ezkerretik hirugarrena, Pedro Garcia; eta atzeko lerroan eskubian lehena, Arkaitz Mendia. I Abel Alonso
Etapaz etapa, ari dira Gasherbrum Ierako bidea egiten Pedro Garcia eta Arkaitz Mendia goierritar alpinistak. Eguraldia hasierako planak oztopatzen ari bada ere, aste honetan zehar gailurra egiteko asmoarekin jarraitzen dute. Igandean 6.750 metrotara iritsi eta “Japoniarren igarobidea” zeharkatu bazuten ere, oinarrizko kanpalekuan daude berriro.
Eguraldi onaren zain, oinarrizko kanpalekuan astebete eman ondoren ostiralean ekin zioten lehen kanpalekurainoko (5.900m) igoerari eta larunbatean iritsi ziren bigarrenera (6.400m). Egun gogorra izan zuten, lehen ordutan elurra eta hotza pasa zuten eta eguna aurrera joan ahala tenperatura altuak izan zituzten. Bertan gaua eman ondoren, igandean hirugarrenerako (7.200m) bidean jarri ziren. Horretarako “Japoniarren igarobidea” izenez ezagutzen den tartea igaro behar zuten, igoeran teknikoki zailenetakoa den tartea. Igarobidean sokak jarrita zeuden arren, berriak jarri dituzte espediziokoek segurtasun baldintzak hobetzeko. Eguraldi txarra zetorkiela-eta 6.750 metrotan buelta hartu zuten mendizaleek eta berriro ere oinarrizko kanpelkuraino jaitsi ziren.
Egun batzuetan zain egon beharko dira oinarrizko kanpalekuan, eguraldi oneko egunak iritsi eta hirugarren kanpalekuraino igotzeko. Hemendik, baldintza egokiak izaten badituzte, tontorrera joko dute.