Igandean LXXXVI. Loinatz txirrindulari proba egingo dute Beasainen
Gaur eguerdian aurkeztu dute igande honetan egingo duten 23 urtez azpikoen LXXXVI. Loinatz txirrindulari proba. Goizeko 09:30ean hasiko da eta aurtengoa III. Ion Lazkano memoriala ere izango da. Aldaketatxo batzuk egin dituzte ibilbidean ATHko obrengatik Mandubin eta azken hilabeteetako euriteengatik Urkillagan. 146,5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute txirrindulariek guztira, iaz baino 1,5 kilometro gutxiago, baina, bi mendatetatik igaro ordez hirutatik igaro beharko dute.
Herrialde Katalanetako, Murtziako, Andaluziako, Extremadurako, Madrilgo eta Euskal Herriko 24 taldek parte hartuko dute proban eta Frantziako talde bat falta da baieztapena emateko. Txirrindularien artean Marcos Jurado iazko txapelduna eta Espainiako txapeldun izandako gazteak ere izango dira. Goierritarrek ere parte hartuko dute: Jon Ander Insausti, Pello Olaberria, Urtzi Murgia, Iker Azkarate, Eneko Garcia, Julen Oria, Josu Urrestarazu, Asier Unanue eta Asier Gandaria, besteak beste.