"Eroski-Fagor Kaltetuak" Beasainen bildu dira, jendea elkartearekin harremanetan jartzeko
Atzo arratsaldean Beasaingo batzar aretoan bildu ziren Eroski-Fagor Kaltetuak taldeko hainbat kide. Bilerara Eroski edota Fagorren finantza emariak dituzten 30 lagun inguru gerturatu ziren. Mahaian, beste kide batekin batera, Joxemari Amundarain aritu zen “arazoa” azaltzen eta honen aurrean Kaltetuak taldekoak zer egiten ari diren azaltzen. Hauen hitzetan 40.000 pertsona inguruk kontratau zuten produktu hau bankuren batean eta bakoitzak, bataz beste, 20.000 euro sartu zituela azaldu zuten atzo: 850.000.000 euro guztira.
Produktu hau euren bankuan hartu zutenek “zer zen zehazki jakin gabe” kontratatu zutela azaldu zuten, beraien esanetan “ez zitzaielako azaldu zer baldintza zituen”. Orain, “dirua ateretzeko aukerarik ez” dutela konturatu direla diote. Elkartekoen hitzetan “bankukoek Eroski eta Fagorri botatzen diote errua, eta hauek bankuei. Beraz, elkarri pasatzen diote pilota ezer konpondu gabe”.
Honen aurreak Kaltetuak elkartekoak batu egiten dira, euren egoera salatzeko. Izan ere, beraien esanetan, “bankura kexatzera joateak ez du ezertarako balio, beraiek dena argi azaldu zutela diotelako, errealitatean ezer azaldu ez baziguten ere”, diote elkartekoek. Ostegunero kontzerntrazioak egiten dituzte Bilbo, Donostia eta Gazteizen euren egoera jendartean zabatzeko. Horrez gain, duela gutxi Elorrion 400 laguneko manifestazio bat egin zuten.
Atzoko bilerara paper batzuke re eraman zituzten elkartekoek, bankuetara idatzi formalak eraman ditzaten kaltetuek. Horrez gain, bertaratuei elkartera gonbidatzeko papertxoak banatu zizkieten, arazo bera dutela dakiten ezagunei banatzeko.
Arazo hau duten lagunei elkartearekin bat egiteko deia egin zuten atzoko bileran ere. Horretarako 688 63 92 11 zenbakira deitu edota erosaport@hotmail.com helbidera idaztera animatzen dituzte.