Juan XXIII kaleko azterketaren arabera "trafikoa handik pasatzeak ez du inolako arazorik sortzen"
Atzo arratsaldean bildu ziren Beasaingo Udala eta Juan XXIII kaleko bizilagunak, Payer enpresak kale honetan egin berri duen azterketaren emaitzen berri emateko, eta atzo bizilagunekin bildu ostean, gaur prentsaurrekoa eman du Beasaingo Udalak. Gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez, bost egunetan egin dituzte azterketak Payer enpresako langileek: lau egunetan egunez eta egun batean gauez. Proba hauetan pisu asko zeramaten kamioiak pasa dituzte kaleetatik etengabe eta lurra zulatzeko makinak ere erabili dituzte, besteak beste, horrelakoek kaleko eraikinetan eta paretan sor ditzaketen kalteak kalkulatzeko. Koldo Agirre alkateak azaldu duenez, “azterketa honen emaitzek argi uzten dute ez dutela inongo eraginik jasan” eta “sekula ez dela iristen kalte minimoetara”.
Azterketa hau herritarrek eskatu zuten eta udalak aurrera eraman du, “bizilagunen artean sortu ziren kezkak argitze aldera”. Aitor Larburu zinegotzia beste behin EAJ-PNVri zuzendu zaio “alarma sozialik” ez sortzeko eskatuz, “udalak inongo arriskurik ikusiko balu lehena izango bailitzateke atzera botatzeko”. Orain, bizilagunek eskuragarri dute txostena, bai udaletxean eskatuta edo, laster, baita udaletxeko web orrialdean sartuta ere. SAKATU HEMEN azterketa osorik ikusteko.