Lazkaoko Udala aurreko astean hasi zen atez ateko hondakin bilketarako ontziak banatzen, eta gaur-biharretan bukatuko du banaketa. Herriguneko bi eremutakoek dute aukera aste honetan. San Jose, San Prudentzio, Santa Madalena, Mikelar eta Jose Lasako bizilagunek Areria antzokira joan behar dute; Hirigoien (1-12), Uhaitz, Euskadi enparantza, Elosegi, Iturgaitzaga eta Hiribarrengoek kultur etxera. Ordutegia 16:00etatik 20:00etara da.
Udalaren datuen arabera, herritar gehienek jaso dute dagoeneko dagokien ontzi sorta. Aurreneko banaketa-egunean, asteazkenean, bi eremutako bizilagunen %23 joan zen ontziak jasotzera. Ostiralerako, berriz, bi eremuetan “ia denek” jasoa zuten.
Bestetik, Lazkao Birziklatuz aurkako taldeak ontziak ez jasotzeko eskatu die herritarrei, ostiralean idatzi bat postontzietara banatuta.

Lazkaotarrak Hirigoiengo eskola zaharrean, ontziak hartzeko zain, aurreko astean./Mikel Albisu