Proiektore berriarekin hasiko du denboraldia zineklubak
Legazpiko zineklub taldeak etzi emango dio hasiera denboraldi berriari. Ohi bezala, zineklub emanaldiez gain, zine komertziala eta haurrentzako filmak eskaintzen ere jarraituko dute. Baina denboraldiko berrikuntza nabarmenena proiektore digital berriarena da. Javier Arrietan Zineklub taldeko kideak esan duenez, «gero eta zailagoa da 35 mm-tako filmak aurkitzea, gainera 2013ko abendutik aurrera, film guztiak formatu digitalean baino ez dira egingo». Lorpena beraz, handia izan da, bere baitan baitzegoen Legazpin zine emanaldiak mantentzea hala ez.
Zineklub taldeak esan duenez «proiektore digitalaren ekimena gurea izan da, baina udalak egindako ahalegina eskertzekoa da», azken batean udala egin baita proiektore berriaren gastu guztien kargu. Bertatik adierazi dutenez, aukera ezberdinak aztertu eta gero, «Cinetronica enpresari esleitu zitzaion uztailean proiektorea 57.205,25 euroren truke». Ez da aukera merkeena izan iturri berdinek argitu dutenez, baina bai «hobekuntza tekniko gehien» proposatu dituena.
Irailean jarri dute proiektore berria eta ohiko zinema emanaldiez gain bestelako formatuetan dauden film, dokumental edo ikus-entzunezko emanaldiak egiteko aukera eskaintzen du, «3D bezalakoak, adibidez».
Ohiko egitura aurten ere
Berria jarri duten arren, proiektore zaharra mantendu dute zineklub taldearen eskariz, «film zaharren bat 35 mm-tan ikusteko edo ziklo bereziren bat egiteko», zehaztu du Arrietak. Gainontzean, zineklubak urteroko egiturari eutsiko dio, etzi hasiko duten denboraldian ere. «Ostiraletan zineklub saioak izango ditugu 22:15ean, eta igandetan haurrentzako zinea 17:00etan eta zine komertziala 19:30ean». Salbuespenak ere izango dira, «tarteka, asteburu honetan bezala, larunbatean ere izango da zine komertzialerako tarterik». Baita aste barruan jai eguna tokatzen denetan ere.
La Caza filmarekin hasiko dute zineklub denboraldia eta El gran Gatsby izango da zine komertzialean. Haurrentzako denboraldia beranduago hasiko da, «urriaren 13an». Gainerakoan, egongo diren emanaldien artean El metodo Arrieta dokumentalarena azpimarratu behar da, «zuzendaria Jorge Gil, legazpiarra da eta filmeko protagonistekin batera aurkeztuko digu bere lana urriaren 4an Legazpin.
Sarreren prezioari dagokionez ere badira aldaketak. Haurrenak berdin jarraituko du. «3 eurotan salduko dira». Helduenak aldiz, «4,5 eurotik 5 eurora igo ditugu, batez ere gastuak parekatzeko». Denboraldi berria etzi hasiko da, eta apirilera arte luzatuko da.