
Beasaingo Aurtzaka dantza taldeak urteroko emanaldia egingo du etzi iluntzean. Gernika pasealekuko frontoi estalian egingo dute emanaldia 19:00etan eta bertan, urte osoan egin dituzten dantzen erakustaldia egingo dute. Mikel Sarriegik azaldu duenez, “urte osoko lana sintetizatzeko balio du emanaldi honek”. Beste emanaldietan ez bezala, ordea, dantzen inguruko azalpenak ematen dituzte emanaldian zehar.
Gainera, helduek eta gaztetxoetan helduenak direnek parte hartuko dute emanaldian, eta Sarriegiren arabera “oso saio jendetsua” izango da. Musika ere, askotarikoa: txistulariak, bibolinjoleak, dultzainariak eta eskusoinu-joleak arituko dira dantzariei doinua jartzen.
Aurten egin dituzten emanaldien artean Aurtzaka dantza taldeko Izaskun Salazar, Nerea Mendizabal eta Jaione Barandiaran ohorezko kofrade izendatu dituzte Elgoibarko Arrate dantza kofradiakoek, Arrateko Amaren dantzaren harira. Emanaldian ere nabarmenduko dute hori.