
Naturak berak erakusten digu zer eta noiz jan behar dugun, eta irakasle horri kaso eginez gero, udazken-negu parterako eskeintza zabala dagoela ikus genezake. Atzoko feria izan zen horren erakusgarri.
Legorretako Juli Otegik ekarri ditu lehen kiwiak; «daudenak politak daude baina gutxi». Oraindik gogor xamarrak daude jateko, baina segituan bigundu ohi direla zioen, kamara handitan gorde ezean. «Toki ilunean gordeta ere nahi baino lehenago ere izaten dira aukeran, gero ezin baitira saldu» aipatzen zuen Julik.
Arto opila egiten hasi da Maite Iturbe okina. Asko zaintzen du erosten duen irinaren kalitatea; «Iparraldetik erosi dut aurten eta gustura nago emaitzarekin». Eguraldi hotzarekin gogo handiagoa sentitzen du jendeak jateko, baina halere, garai modu honetan hasi ohi da urtero egiten, eta atzo ere, bero egin arren, nobedadea zelako edo, arrakasta izan zuen. Oroimen asko pizten dituen jakia da hau, eta berezoen artean arrunta da gisa honetako kontuak entzutea: «txikitan bezperan esnetan beratzen jarri eta hurrengo goizean gozo-gozoa gustora asko jaten genuen» zioen atzo bertan berezo batek.
Lehen intxaurrak Kontxi Arizagaren postuan aurkitu genituen, kiloa 4 euroan. Hala ere, ez dirudi aurtengoa intxaur urte ona izango denik.
Baba txiki zuria ere ikusi dugu Patxi Atienzaren postuan; «Sakanatik ekarritakoa da, normalean frantsesa erabili ohi dugu, azala meheagoa du eta jendeak nahiago izaten du, baina hau lehenago hasi denez, hemen da aurtengo berria». Bitxikeria moduan, zera zioen Patxik: «gizonezkoek erosten dute bereziki, emazteek ez dute hain gustuko eta askori entzuten diet ‘neronentzat behintzat prestatu behar dut’».
Bestalde, uso asko atzo ere; 200 bat pieza bai 6 euroan bakoitza. Orain arte ehizatutakoa, aukeran txikia eta mehea dela zioen Mikel Lasak, «ezkur gutxi jandakoak nonbait».
Hemengo onddo kopurua asko apaldu da, eta aldiz, zizahori, mendiko angula eta saltsa perretxiko beltza ugaritu, mota bakoitzeko 50 bat kilo bazen.
Loreei dagokionez, datorren astean antzemango da Santu Guztien eguna hurbiltzen ari denekoa, baina bitartean, kukuprakak (2 eurobakoitza) eta kalendula bikoitzak (2 euro bakoitza) kolore bizi bizikoak deigarri ageri ziren atzo.