Ataunen exhumatzeei buruz hitzaldia egingo du Aranzadi elkarteak, gaur
Ataungo kultur elkarteek eta udalak oroimen historikoari buruz antolatu duten bigarren ekimenean, gaur 1936ko gerrako hildako desagertuen exhumatzeei buruz hitzaldia izango da. Aranzadi zientzia elkarteko Lourdes Herrasti historialariak eta arkeologia fisikoan adituak emango du. Ataungo udaletxeko ganbaran da solasaldia, 19:00etan.
Leku berean, erakusketa dago jarrita. Atzo zabaldu zuten Hilotzak ateratzen, duintasunak berreskuratzen argazki erakusketa, 40 bat irudiko bilduma. Aranzadi 2000. urtean hasi zen exhumatzeekin, eta oroimen historikoa berreskuratzeko, gerran hil zituztenen aztarnak aurkitzeko eta duintasuna itzultzeko langintza horren errepasoa egiten du.
Ikuspegi zientifiko batekin hobietan egindako lana ikus daiteke grafikoki erakusketan; Aranzadi zientzia elkarteak berak prestatutakoa da. Urriaren 31ra arte egongo da, udaletxeko ganbaran. Aste egunetan, goizez 10:30etik 12:30era eta arratsaldez 18:30etik 19:30era ikusi ahalko da erakusketa. Larunbatean, berriz, 10:30etik 12:30era.
Zikloa Ataungo kultur elkarte hauek antolatu dute, udalarekin batera: Joxemiel Barandiaran Murkondo, Oargi-Troskaeta, Artadi, Haitzarri eta Atauniker. Iragana gogora ekartzen ildoan, lehen jardunaldia iazko azaroan eta abenduan garatu zuten, 1936ko gerrari buruz.