Bihar hasiko da Jazpana jaialdia
Bihar hasiko den Jazpana jaialdi rural-postmodernorako azken lanak egiten dabiltza antolatzaileak. Gaur arratsaldeko 15:00etan karpa eta beste hainbat gauza muntatzeko boluntarioei dei berezia egin diete antolatzaileek, "denen eskuak beharrezko izango direlako". Gaurko eguna "egun polita" dela dio Alvarezek, "orain arte buruan ibili dituen asmoak eta eginbeharrak gutxika egiten hasi" delako. Karpa muntatzen pasako dute gaurko eguna antolatzaileek.
Aurtengo edizioa, V.a, “orain arteko Jazpanarik potenteena” izatea espero du Mikel Alvarez jaialdiaren antolatzaileak: “Iaz jende mordoa etorri zen, eguraldi txarra eginda ere, eta aurten, bost urtetan lehen aldiz, eguraldi ona egitea aurreikusten dute”, dio. Etorriko direnak zenbait izango diren jakitea ezinezkoa bada ere, saskibaloi lehiaketan aurreko urteetan baino jende gehiago dago apuntatua jada, eta beste batzuk azken unean apuntatzea aurreikusten dute.