Bitxikerien eta produktu berrien ikusmina
Salmenta bizi-biziko goiza izan zen atzokoa Ordizian, onddoak dira-eta protagonista eta erakarle nagusi. Zer esana, hala ere, Lasaren postuko onddo laukoitz batek eman zuen, oin beretik lau onddo eder, 1.795 gramoko pisuan. «Txikiak direnean erantsita ikustea normala da baina hain handirik orain artekoan ez dut sekula ikusi» zioen; ahoz aho zebilen kontua. Eta inguruan zuen onddo eskaintza ere ikusgarria zen, Nafarroa eta Galizia aldean bildua. Postuaren beste muturrean, uso asko, hemen ehizatua bereziki eta bi preziotan 4 euroan pieza txikienak, eta 7 euroan handiagoak.
Arkumeei dagokionez, atzo 8 saldu ziren, kiloko 5 euroan. Lurgintzari esker, arkume jaiotze kopurua handitu ahala hasiko gara artegitik zuzenean saltzen duten arkumearen prezioaren berri ematen.
Behi esnedun gazta krema
Aukera berri bat gehiago ikusi dugu aste honetan esnekien eskaintzan. Joseba Baezek atzo aurkeztu zuen behi esne pasteurizatuarekin egindako gazta krema. «Gazta baino mikatzagoa da berez, elaborazio prozesua ezberdina baitu. Erabilpen aldetik ere, beste aukera batzuk ematen ditu». Dastatu ahala sortu ziren inguruan zeuden bezeroen artean ideiak: «pintxo gozo askoak egin daitezke horrekin» zioen batek, «baita gazta tarta bikainak ere» besteak. 250 gramoko potea 3,5 euroan zuen salgai.
Azalore morea
Dotorea Barazki Bizidunak postuko Mapi Gartziak aurkeztutako saskia, azalore eta brokoliekin batera lehen aldiz ikusi diren azalore moreak izar. «Lonbarda aza eta azalore hazien nahasketatik sortua da, forma eta gustua azalorearena du eta kolorean lonbarda nagusi».
Uraza bere lur takoan
Deigarria egiten zen: yogur potean sar daitekeen lurra nahikoa holako letxuga hazteko! Eta bere horretan jarri dute salgai. Errezeloz begiratzen zionik bazen inguruan. Azken urte hauetan garatu den teknika baliatuz, beharrezko dituen elikagaiak urean emanak, oso lur gutxi nahikoa hazteko. Itxuraz ederrak ateratzen dira eta uretan mantendu daitezke, hostoz hosto aldiko nahi dena janez, letxuga guztia ebaki gabe. Joxe Mari Uzinen postuan ziren gutxi batzuk, bitxikeria moduan, lagun batek erabilitako teknika erakusteko.
- Aste honetako prezioak