Ricardo Remirok irabazi du Artzain Gazta elkartearen Euskal Herriko Txapelketa
Ricardo Remiro Eulateko (Nafarroa) artzainak irabazi du Artzain Gazta elkarteak antolatzen duen Euskal Herri mailako Gazta Txapelketa. Azken urteetan Ordiziako txapelketa hiru aldiz irabazi du, eta aurten urrezko saria ere jaso du marka horrengatik. Gaurkoarekin, denboraldi borobila osatu du Remirok. Emaztea eta biak igo dira saria jasotzera. Gaurko ekitaldian, bizi osoa artzaintzan eta gaztagintzan aritu eta gero, erretiroa hartu duten bi emakume omendu dituzte: Mari Carmen Lopez de Zabando eta Nieves Perez de Albeniz arabarrak.
Goiz partean eguraldiak askorik lagundu ez badu ere, jende dezente bildu da gaur Idiazabalen, gazta lehiaketaren aitzakian, eta festa giroa izan da eguerdi partera arte. Dozena bat gaztagilek euren postuak jarri dituzte, baina baziren artisau eta beste produktu batzuen ekoizleek jarritakoak ere. Ardi, ahuntz eta astoak ikusgai jarri dituzte txikienentzat, eta gazta betiko eran nola egiten den erakutsi dute.
SAILKAPENA:
- Ricardo Remiro. Eulate (Nafarroa). 413 puntu.
- Zabaleta elkartea. Muniain (Araba). 408 puntu.
- Jon Etxebarria. Zeanuri (Bizkaia). 403 puntu.
- La Leze. Illarduia (Araba). 402 puntu.
- Kerixara. (Araba). 395 puntu.