
Urteak dira Legazpiko udala herrian bidezko merkataritza sustatzeko lanean hasi zela. Bide horretan zenbait aurrerapauso eman dira, eta maiatzetik herriko eragile ezberdinez osatutako talde bat ere ari da bide berean lanean. Bihar, bidezko merkataritzako produktuak ezagutzera emateko hainbat ekintza antolatu dituzte. Gainera, Ivan Francisco Garcia, Guatemalako bidezko merkataritzako eta merkataritza solidarioko erakunde arteko ordezkariaren bisita ere jasoko dute Legazpin.
Inma Hernandez Legazpiko Agenda 21eko teknikariak azaldu duenez, bidezko merkataritza «merkataritza sistema justuago» bat da. Produktu hauek ekoizterakoan «haurrak ez direla esplotatzen, langileak baldintza duinak dituztela, eta bitartekari gutxiago daudenez, etekinak sortzaileentzat direla bermatzen da», besteak beste. Egindako lanaren ordainetan, orain, Legazpi bidezko merkataritzaren aldeko herri izendapena jasotzekotan daude, «eskaera eginda dago eta aste honetan edo datorrenean emango digute erantzunen bat» argitu du Hernandezek.
Testuinguru honetan hainbat ekintza antolatu dituzte ostiralerako. Hil guztietako lehenengo ostiraletan bezala «Garaguneak bidezko merkataritzako produktuen saltokia jarriko du azokan, 10:00etatik aurrera». Ordu horretan Haztegi ikastolako ikasleekin topaketa egingo du Ivan Francisco Garciak udaletxean, eta gero «produktuen dastaketa antolatu dugu ikasleekin 11:00etan azokan».
Eguerdian San Migel baserrira bisita egingo dute Garciarekin, eta Gorka Iñurritegirekin bilduko dira «kontsumo taldeko ekoizlea da bera eta talde hauek nola lan egiten duten erakutsiko nahi diogu». Eguna borobiltzeko,
Bidezko merkataritza zergatik da bidezkoa? izenburupean kafe tertulia egingo dute 15:00etatik 16:30era gizarte zentroan, herritar guztientzako zabalduta.