Edukiontzi berdea kendu dute, eta pixoihalak biltzeko grisa jarri
Gaur amaituko dute oraindik herrian gelditzen ziren edukiontzi berdeak kentzen. Berdeak kenduta, pixoihalak biltzeko edukiontzi grisak jarrita daude dagoeneko, herriko 11 gune ezberdinetan. Hemendik aurrera, errefusa atez ateko sistemarekin atera beharko dute legazpiarrek aurrez zehaztutako egun eta orduan.
Pardelak edo pixoihalak biltzeko edukiontzia behar bereziak dituzten familiei zuzenduta dago, hau da, etxean haurrak edo pardelak behar dituzten adineko pertsonak dituzten horiei. Horregatik, familia hauek edukiontzi gris hau irekitzeko txartela eskuratu ahal izateko aldez aurretik izena eman behar izan dute udaletxean.
Izena eman duten familia guztiei eskutitz bat iritsi zaie egun hauetan euren etxeetara edukiontzi gris hau erabiltzeko gomendioekin eta berau ireki ahal izateko txartelarekin. Bertan adierazten denaren arabera, edukiontzia irekitzeko nahikoa da txartelarekin tapa gainean dagoen eranskailua ukitzea. Tapa jaso eta pardelen poltsa barrura botatzea baino ez da egin behar gero.
Pardelentzako bakarrik
Edukiontzi hauek Almirante Bikuñan, Plazaola 3 eta 23an, kultur etxean, Arantzazu 5ean, Lanaren hiribidea 6an, Itxaropen/Aiztonagan, San Inazio 17 eta5ean, Laubide 21ean, San Juan 24an eta Urtatza 42an daude kokatuta. Edukiontzi hauek pardelak jasotzeko baino ez dira, eta nahi den ordu eta egunean atera daitezke.