Historiari emakumeek egindako ekarpenak jasotzen ari dira Ordizian Kimetz Elkartekoak
Hirian zein nekazal eremuetan bizi izandako emakumeen testigantzak jasotzeari ekin diote Ordizian Kimetz Emakumeen Elkarteko kideek. Historiari emakumeek egin dizkioten ekarpenak jasotzea dute helburu; nola bizi ziren edo nola antolatzen ziren, besteak beste. Murgibe Aholkularitzaren laguntzarekin jarri dute proiektua martxan.
Testigantzak jasotzeko emakume talde bat ari dira osatzen. “Beraien bizipenak jasoko ditugu, enpresa, sindikatu, politika edo izan dezaketen kultur ibilbideagatik”, diote. Ondoren, Ordiziako emakumeen topaketa bat antolatuko dute gaia aztertzeko. Elkarrizketak egiteaz gain, idatzizko informazioa eta argazkiak ere jasotzeko asmoa dute. Horrekin guztiarekin ikusentzunezko dokumentala egiteko asmoa dute.
Kimetz Elkartekoek informazioa edo edozein dokumentu izan dezaketenei deia luzatu diete proiektuan parte hartzeko. Edozein informazioa posta arruntez 114 posta-kutxara bidali daiteke.