Mugikorrarekin ateratako argazkien lehiaketa jarri du martxan Bareakek
Bareak Merkatari Elkarteak merkataritza eta ostalaritzaren inguruko argazki lehiaketa antolatu du, Beasaingo Udalaren eta Argizpi Elkartearen laguntzarekin. Telefono mugikorrekin soilik atera ahal izango dira argazkiak, eta honen bidez “merkatal sektoreak egiten duen lana plazaratu” nahi dutela azaldu dute Bareakekoek, “sektorearen lanak eguneroko herri bizitzan duen eragina nabarmenduz”. Gaia Beasaingo hiri-merkataritza izango da: komertzioak, merkatariak, ostalaritza, bezeroak, barrualdeak, erakusleihoak, fatxadak, merkataritza-kaleak, errotuluak, azoka, produktuak, eta abar.
Argazkiak azaroaren 11tik 24ra eginak izan beharko dira, biak barne, eta Internet bitartez bozkatzeko aukera ere emango da. Bozkatzeko azken eguna abenduaren 1a izango da. Bi kategoria definitu dira: Senior (18 urtetik gora) eta Junior (18 urtetaik behera) eta sariak 250 euroko eta 100 euroko erosketa baleak izango dira. Argazkiak info@bareak.eu helbide elektronikora bidali beharko dira eta argazkiak ikusi eta bozkatzeaz gain, lehiaketaren oinarriak www.bareak.eu web orrialdean ikusi ahal izango dira.













