80 urte beteta dituztenek beren eguna izango dute
Legazpiko udalak, Buztintegi Legazpiko jubilatuen elkartearen eta Nagusilan adineko pertsona boluntarioen elkartearen laguntzarekin 80 urte beteta dituzten pertsonen ohiko bazkaria antolatu du hilaren 15erako.
Nagusilan elkarteko kide Jose Ramon Hernandezek azaldu duenez, «aspaldi ospatzen da egun hau Legazpin».
Nagusilan sortu berritan hasi ziren bazkari hau antolatzen, Buztintegikoen laguntzarekin. Beraiek antolatu eta ordaintzen zuten ospakizuna, «Gabonetako saskien zozketak antolatzen genituen, eta Etxeberri familiari diru laguntza ere eskatzen genion», dio.
Meza, bazkaria eta musika
Orain lau urtetik hona, ordea udalari esku bat botatzeko eskatu zieten «guk gure kabuz bazkaria ordaintzeko modurik ez genuelako». Azken urteetako egiturari jarraituz, meza izango da hasteko 13:00etan parrokian, bertan «parte hartuko dutenen artean urte gehien duten emakumea, gizonezkoa eta bikotea» omenduko dituzte.
Bazkaria Urbeltz pilotalekuan izango da gero, 14:00etan. Bazkarira joateko aldez aurretik izena eman beharra dago, 11:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 19:00etara gizarte zentroan. Bihar izango da horretarako azken eguna. Dagoeneko «140 bat pertsonek eman dute izena». Pertsonako 7 euro ordaindu beharko da aurten. Bazkalostean, 15:30 aldera Legazpiko abesbatzaren emanaldia izan da.
Legazpin populazioaren %8 dira 80 urtetik gorako herritarrak. Zenbakitan, 680 dira gaur egun herrian dagoeneko 80 urte beteta dituztenak, horien artean gehienak emakumezkoak dira.