Ataunen San Martin festak ospatuko dituzte, bihartik astelehenera
Ataun San Martin auzoan urteko jai nagusiak dituzte. Bihartik astelehenera, lau eguneko egitaraua prestatu du auzoko Festa Batzordeak. Urteroko ekitaldiak mantendu ditu, batetik: bihar kuadrillen bazkaria egingo dute ehun-bat lagunek. Larunbata umeentzat jarri dute bereziki, nahiz eta lau egunetan dauden haurrentzat ekitaldiak. Mondeju lehiaketa eta jubilatuen urteko bazkaria ere badira.
Horiez gain, iaz sartutako hainbat berritasuni jarraipena emango diete ataundarrek. Txupinazo «sinbolikoa» ostiralean bertan bada ere, haurrek 16:00ak arte eskola dutenez, larunbatean egingo dute ofiziala. Hiru Txilipurditan ekimeneko haurrek botako dute, udaletxeko balkoitik. Mozorrotuta, asto-gurdietan iritsiko dira, eta mezuak zabalduko dituzte. «Txupinazoarena iaz egin zen lehen aldiz, eta arrakastatsua suertatu zen», diote batzordekoek.
Berrikuntza nabarmenena, Espluges de Llobregateko (Katalunia) 35 laguneko taldeak zapatu arratsean egingo duen correfoc ikuskizuna da. «Kaleko argiak itzali, eta suarekin ibilaldi bat egiten dute, urtean zeharreko gauza negatiboak erretzeko. Gabirian abuztuan egin zuten ikuskizuna, eta arrakasta eduki zuen».
Ordiziako su ikuskizuna
Larunbat gauari Txomin Parrillak emango dio jarraipena. Herririk herri parrillan basatxerri jakiak erretzen ibili ohi da. Ataun San Martinen 220 bat lagunentzat afaria prestatuko du.
Herriko baliabideei eta auzotarrei eman nahi izan die Festa Batzordeak indarra. Hala, kantaldia bi ataundarrek osatuko dute, eta Ataungo txistulariek esnatuko dute herria larunbat-igandeetan, aspaldiko ohitura berreskuratuz. Festak udalak finantzatuko ditu, ohi bezala, baina Festa Batzordeak iaz lehen aldiz jarri zuen tabernak ere lagunduko du; aurten ere jarriko dute. Auzoan diru bilketarik ez da egin beharrik izan, txosnarekin lortutakoa «nahikoa» izan delako.
Festak bukatzeko, astelehen iluntzean, Ordiziako Otegi armategikoen suetxeak ikuskizun «xume» bat egingo du, zortzi-bat minutukoa. Piroteknia enpresa ireki berria dute.
San Martin festetan hainbat herri otordu izango dira. Jubilatuen bazkarirako izena Atseden-Tokin eman behar zen; 150 lagun daude apuntatuta. Kuadrillenerako txartelak aurrez erosi behar dira, ohiko tokietan. Umeen bazkaria doan da, baina txartela behar da (175 haur joango dira). Larunbateko parrillakadarako aurrez eskatu behar da. Tortilla lehiaketarako izena sanmarfes@gmail.com helbidean, Martintxon edo Troskaetan eman behar da.
Festa Batzordeak auzoa eta festa-gunea txukuntzeko auzolanak antolatu ditu. Presketa lanak egiteko aurreko larunbatean elkartu ziren. Ondoren, datorren asteartean, azaroak 12, egingo dute beste lanaldi bat, 17:00etatik 20:00etara.
EGITARAUA
Bihar, ostirala (azaroak 8)
- 13:00. Juntadizoa eta txupinazoa. Poteo musikatua.
- 14:30. Kuadrilla bazkaria.
- 16:15. Haurren askaria, Aizkoate elkartean. Buruhandiak.
- 18:00. Karretilla karrera.
- 19:00. Topa feminista eta erromeria: Guri5! eta Altxatu.
- 23:30. Kontzertuak: Herabe eta Guri5! taldeak.
- Goizean. Txistularien kalejira.
- 11:00. Umeen txupinazoa, Hiru Txilipurditan-en eskutik. Haur parkearen irekiera; scalextric-a egun osoan; asto-gurdiak.
- 14:15. Haur bazkaria karpan.
- 18:00. Kataluniako kultur tradizioko ikuskizuna: Correfoc i ball parlat (deabruaren dantza eta sua), Ball de Diables d’Esplugues de Llobregat taldeak.
- Ondoren. Sagardo dastaketa.
- 21:00. Afaria (Txomin parrilla) eta kantaldia.
- 00:00. Mozorro gaua eta kontzertuak: Konbenio del Metal eta Nonnahi taldeak.
- Goizean. Txistularien kalejira.
- 11:30. Otsoak dantza taldearen saioa.
- 12:30. Ataungo V. Mondeju Lehiaketa eta dastaketa.
- 17:30. Herritarren apustua.
- 19:00. Patata tortilla lehiaketa.
- 21:15. Afaria, karpan. Patata tortillak eta norberak ekarria.
- 22:00. Antzerki ikuskizuna.
- 11:00. Meza.
- Ondoren, salda. Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia bertsolariak. Umeentzat jolasak.
- 14:00. Jubilatu bazkaria, Bittor jatetxean. Gainontzekoentzat, karpan mahaiak jarriko dituzte, norberak eramandakoa han jan nahi badu.
- 16:00. ‘Hiru bi zas!’ antzerkia.
- 17:30. Buruhandiak eta herriko trikitilariak.
- 19:00. Su ikuskizuna, Ordiziako Otegi piroteknia etxearen eskutik.