
Plazara udaletxe aurretik sartuz bat deigarria egiten zen han pilatutako onddo kopuru handia; 500 kilotik gora baziren Lasaren postuan, eta jende dezente propio erostera etorria. Frantziatik ekarriak eta Galizia aldean bildutakoak zituen gehienak; ingurukoak gutxiago ziren, 50 bat kilo.
Baina postuz postu itzuli bat emanez zer aipatua aurkitu dugu: ilar landarea, esate baterako. Datekin erne ibili beharra dago garaian garaikoak landatu edota ereiteko, bestela alferrik baita, eta hortan adi ibili ohi dira ekoizleak. Ibarrako Montes etxeko Joseba Izagirre izan da lanak aurreratu eta salgai jarri dituena, normalean norberak erein izan du ilarra, baina Josebak gustokoa du eta bera aritzen da horrelako lanetan. «Urri hasieran erein nituen, tako bakoitzean lau ale, eta ederki erne dira». Bakoitza 20 zentimoan jarri du salgai. Gainerako ekoizle gehienek ere lanak aurreratuak dituzte, eta aitzindarietan aitzindariena, Beasainen astearteko merkatuan gutxi batzuk salgai zituena. Babak eta baratxuriak ere gehienek erein dituzte dagoeneko.
Mari intxaurra
Intxaurren artean handiena da Mari intxaurra. Orain arte intxaur mota hau nafar intxaurra esanez ezagutzen genuen, baina gure hainbat produktuk tokian tokiko izenak hartzea ohikoa da. Aitibergo Jexux Mari Muñoak etxeko arbolakoak ditu salgai; haiek ikusi eta bezero batek esana kontatu digu: Azkoitian Mari intxaurrra esaten dioteneko kontua. Ikusgarriak dira baina ez dute aldiz itxuraren araberako mamirik.
Kontserbetarako azken egunak
Inork oraindik piper kontserbak egiteko asmoa balu, bizi ibiltzeko aholkua eman behar, izan ere, kaxaja eta prezio onean erosteko azken egunak baitira.
Lore salmenta, ondo
Joan zen asteko lore salmentari buruz galdetuta, lorezale denek bat egin dute: urte ona izan da aurtengoa. Krisiak eraginik izango ote zuen ahoz aho zebilen joan zen astean, eta nonbait urtean behineko lore oroitzapen horrek ohituretan sendo jarraitzen du. Lore saltzaileak lanez lepo ibili dira, eta hilerriak ikusgarri.