Loinaz Txirrindulari Elkartearen 50. urteurrena ospatuko dute larunbatean
Loinaz Txirrindulari Elkarteak 50 urte bete ditu aurten eta urteurren borobil horren ospakizunen artean, larunbaterako hitzordua egina dute. Elkarteko kideek urtero egin ohi duten bazkaria egingo dute, baina, aurtengoa berezi-berezia izango da, urte hauetan guztietan elkartean edota elkarteari laguntzen lan egin duten lagunei eskerrak emateko aprobetxatuko baitute.
Bazkarira 110 lagun inguru gerturatzea espero dute, tartean, bereziki omenduko dituzten Jesus Mari Aristi eta Felipe Ibarbia, Loinaz Txirrindulari Elkarteko sortzaileak. Horrez gain, elkarteko bazkideak (85 bazkide dira guztira), txirrindu federazio ezberdinetako lagunak, Goierriko beste txirrindulari elkarteak eta Beasaingo elkarte ezberdinak ere gonbidatu dituzte, besteak beste. Bazkarian zehar, elkartearen 50 urteetako argazkiak proiektatuko dituzte.
Baina, festa, bazkal garaia baino lehen hasiko da. Goizean zehar ekintza ugari egingo dituzte: puzgarriak, gymkana, haurrentzako gozokiak eta oparien zozketak…
Txirrindu irteera
Goizeko ekintzen artean, herriko bidegorrian zehar txirrindu irteera egingo dute, Gernika pasealekuko frontoi paretik abiatuta. Bertan adin guztietako jendeak parte hartu ahal izango du, baina, hamaika urtetik beherakoek nagusi batez lagunduta joan beharko dute, eta kaskoa derrigorrezkoa izango da. Antolatzaileek gogoratu dutenez, «ez da lasterketa bat izango, irteera bat baizik».
EGITARAUA
- Goizeko ekintzak Gernika pasealekuko frontoian izango dira.
- 10:30. Puzgarriak eta Caja Rural taldearen autobusa ikusgai.
- 11:00-13:00. Gymkana (eguraldi txarra egingo balu, plazapean).
- 12:00. Txirrindu irteera Gernika pasealekuko frontoi paretik abiatuta.
- 13:00. Hornidura banaketa eta oparien zozketa.
- 14:30. Bazkideen bazkaria Igartza jauregian.