Jaurlaritzak hamalau jaiegun izendatu ditu 2014ko lan egutegirako, urriaren 25a barne
Datorren urteko lan egutegiak hamalau jaiegun ofizial izango ditu, urteroko legez. Eusko Jaurlaritzak ateratako ebazpenean, hamabi festa orokor, herrialde bakoitzari dagokion zaindariaren festaburua, eta udalerriaren jaia hartzen dira kontuan.
Festa-egun orokorrei dagokienez, urriaren 25a jaiegun bezala mantendu du jaurlaritzak 2014rako. Eusko Legebiltzarrak urriaren 29an onartu zuen jai egun hori kentzea —EAJren eta EH Bilduren botoekin—, baina jaurlaritzak zortzi egun lehenago ebatzi zuen egutegia, eta hor Euskadiren Eguna deritzona sartu zuen, nahiz eta ezeztatzeko prozedura legebiltzarrean ekainean hasita zegoen. 2014an larunbata izango da urriaren 25a.
Beste jaiegunak urtarrilaren lehena (Urteberri) eta 6a (Errege eguna), apirilaren 17a, 18a eta 21a (Aste Santua), maiatzaren lehena (Langileen Eguna), abuztuaren 15a (Andre Mari), azaroaren lehena (Domusantu), abenduaren 6a (Espainiako Konstituzioaren eguna), 8a (Birjinaren Sortze Garbia) eta 25a (Eguberri) dira.
Orokor horiez gain, goierritarrek Gipuzkoaren eguna ere —uztailaren 31— jai izango dute. Baita udalerri bakoitzeko festaburua ere. Ataunen eta Ezkio-Itsasoren kasuan, auzoka bereizi dituzte jaiegunak. Festaburua igandean edo lehen aipatutako jaiegun orokorretan egokitzen bada, biharamunera edo bezperara aldatu dute herriko festa eguna. Baita urteko beste egun batera ere; Zegamaren kasuan, adibidez.
- Altzaga: irailak 29, San Migel.
- Arama: azaroak 11, San Martin.
- Ataun: San Martin auzoan azaroak 11 (San Martin), San Gregorio auzoan irailak 3 (San Gregorio), eta Aia auzoan uztailak 2 (Santa Isabel).
- Beasain: ekainak 2 (Loinatz bigarrena).
- Ezkio-Itsaso: Ezkion maiatzak 8 (San Migelen agerraldia), Santa Luzia-Anduagan ekainak 30 (San Pedro bigarrena), Alegian uztailak 22 (Madalena) eta Itsason abuztuak 24 (San Bartolome).
- Gabiria: abuztuak 16 (San Roke).
- Gaintza: irailak 29 (San Migel).
- Idiazabal: otsailak 3 (San Blas).
- Itsasondo: irailak 19.
- Lazkao: apirilak 28 (San Prudentzio).
- Legazpi: maiatzak 3 (Santikutz).
- Legorreta: maiatzak 29 (Azentzio).
- Mutiloa: ekainak 30 (San Pedro bigarrena).
- Olaberria: ekainak 24 (San Joan).
- Ordizia: uztailak 25.
- Ormaiztegi: abenduak 1 (San Andres bigarrena).
- Segura: ekainak 24 (San Joan).
- Urretxu: irailak 22 (Santa Anastasia).
- Zaldibia: urriak 6 (Santa Fe).
- Zegama: ekainak 9 (Mendekoste astelehena).
- Zerain: abuztuak 14.
- Zumarraga: uztailak 2 (Santa Isabel).