Ondesteko minbizia aurrez atzemateko kanpaina Lazkao, Olaberria eta Ataunera iritsi da
Osakidetzak Lazkaoko anbulatoriora zabaldu du ondesteko minbizia atzemateko kanpaina. Lazkaoko, Olaberriko eta Ataungo bizilagunek egin ahalko dute, aurrerantzean, proba. Kanpaina horretan parte hartzerik ez zuten azken gipuzkoarrak ziren, Debakoekin batera.
Ondesteko —heste lodiaren azken partea da, kolonean hasi eta uzkian amaitzen dena— minbizia aurrez atzemateko analisia egingo du Osakidetzak hiru herri horietako 50 eta 69 urte arteko bizilagunengan. Etxean gutun bat jasoko dute, kanpainaren berri emanez. Ezezkorik erantzuten ez dutenei, bigarren gutun batean proba hartzeko gailua bidaliko diete. Lamina bat da, eta gorozki zati txiki bat hartu behar da han.
Herritarrek Lazkaoko anbulatoriora eraman behar dute lagin hori, eta han kutxatila batean sartu. Ez dago norbera joan beharrik. Gorotzean odolik ba ote dagoen aztertzen du Osakidetzak, eta «astebetean» bidaliko dio emaitza herritarrari.
Ondesteko minbizia eragozteko plangintzakoa da kanpaina. 2009an abiarazi zuten, eta orduz gero 385.000 lagunek egin dute proba, gonbidapena jaso dutenen %69,8k. Osakidetzaren datuen arabera, 1.215 tumo eta gaiztotu zitezkeen 8.623 lesio atzeman dizkiete lagina utzi dutenei.
Arazorik aurkitzen dietenen kasuan, lehen arretako medikuarenera bideratzen dute pazientea, eta beharra ikusiz gero kolonoskopia egitera ondoren. Bi urtean behin bidali ohi dute gutuna.