Zazpi pilotari goierritar gailurrera bidean
Gipuzkoako pilota federazioak herrialdeko kadete eta gazte mailako pilotari onenei laguntzeko egitasmoa jarri du abian. 24 pilotari aukeratu ditu eta horien artean zazpi goierritar daude. Lazkaoko Lapke taldeko Iraitz Zubizarreta eta Beñat Garmendia, Ordiziako Txapagaineko Ioritz Egiguren, Beñat Beloki eta Josu Murua eta Zegamako Tartaloetxeko Iñigo Intxausti eta Iban Matxinandiarena. Guztiak gazte mailakoak dira, Zubizarreta izan ezik.
Maila oneko pilotari gazteek arazo bat dute: euren herrietan ez dute euren mailako beste inor eta, hala, oso zaila dute kalitatezko entrenamenduak egitea. Egitasmo honen helburua gazte horiei ahalik eta gehien hobetzeko tresnak ematea da. Horretarako, bi astean behin Donostian elkartzen da. Bertan, elkarrekin entrenatzen dute. Gainera, bilera horietan federazioko entrenatzaileek euren herrietara joaten direnean nola entrenatu behar duten azaltzen diete.
Selekzioa indartzeko
Proiektu honen helburu bakarra ez da gazteei laguntzea, baita Gipuzkoako selekzioa indartzea ere. Izan ere, pilotariak geroz eta hobeto prestatu, orduan eta emaitza hobeak lortuko ditu herrialdeko selekzioak. Gainera, bi astean behin elkartzen direnez, gertutik jarraitzen dituzte eta badakite zeintzuk diren sasoi onenean daudenak.
Bai Goierriko taldeetako prestatzaileak eta bai pilotariak oso gustura ageri dira. «Elkarte gehienetan arazo berbera dugu: maila oneko mutil bakarra dugu eta hark kalitatezko entrenamendua izateko bospasei beharko genituzke. Orain federazioak teknikoak jarri dizkie eta eskertzekoa da. Bi astean behin elkartzen dira beraiekin, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Kontuan izan behar da, herriotan entrenatzaile gehienek ez dutela titulurik».
Zubizarreta ere oso pozik dago. «Gustura nabil. Nire adineko onentsuenak elkartzen gara eta maila handia dago. Lagungarria da. Kalitate handiko entrenamenduak egiten ditugu», esan du.