Gabiriako errezil sagar lehiaketa Pedro Iztuetak irabazi du
Aurtengo muturreko eguraldiak eta «sagar urtea» ez izateak, ez dute zapuztu Gabirian XII. Errezil Sagar Lehiaketa eta baserriko produktuen azoka egiterik. Beste urteetan baino urritasun handiagoarekin, hori bai. Orain arte bi urtean behin egin izan den azoka urteroko maiztasunera zabaldu dute. Feriako izarra, errezil sagarra, lau baserritatik soilik aurkeztu ahal izan dute lehiaketara. Besteek, salmentarako kaxa gutxi batzuk bakarrik atera dituzte.
Hamaika postu jarri zituzten herriko baserritarrek, igandean. Artisautza lanen beste bi postu ere baziren. Eliz ataria, plazako karpa eta udaletxeko arkupeak behar-beharrezkoak izan ziren, euri jasari eta freskotasunari aurre egiteko.
Erbie elkarte antolatzaileko Jose Kruz Baztarrikak azaldu duenez, sagar errezilaren ekoizpenarentzat urte txarra izan da. «Udaberria oso euritsua izan zen, eta sagarrak lorea ondo hartu bazuen ere, ondoren uda erabat lehorra joan zen, eta lehortu egin ziren bazterrak». Hala, iaz sagar lehiaketan partaidetza marka lortu bazen —hemezortzi baserri ziren orduan lehian—, aurten lau izan dira, nahiz eta hasieran «sei» partaide espero zituzten.
Epaimahaia bisitariak izan ziren, bozketa herrikoiz izendatu baitzuten irabazle bakarra. Katarain baserriko Pedro Iztuetak jaso zuen oroigarria, Baztarrikaren eskutik. Iaz ere saritu zuten.
Herrian ekoizten diren sagar moten erakusketa ere jarri zuten, hogei barietaterekin. Josu Osa adituak kimatze eta txertatze erakustaldiak egin zituen. Errezil sagar saskikada bat zotz egin zuten erosleen artean (674 zenbakia).
Azokako salmentetan alaitasun handia nabaritu zen. Saltzaileak gustura ziren, jendea erostera joan zela ikusita. Kortako sukaldari Lontxo Ormazabalek sagar konpota egin zuen, 25 bat kilorekin. Lehen aldiz, taloak egin zituzten herritar batzuek.
Ezti lehiaketan saria Gabirian geratu da
Goierri Beheko Ezti Lehiaketa Gabirian jokatu zen, bigarren aldiz jarraian. Zortzi erlezainek aurkeztu zituzten, eta lehen saria Gabiriako Astiazaran baserriko Fatima Asurabarrenak jaso zuen; bigarrena Bittor Murgiondok (Mutiloa) eta hirugarren Julen Sainzek (Ordizia).