Buzkantza Egunaren baitan Zumarragako Pintxo Lehiaketako sariak banatu zituzten atzo udaletxeko arkupetan. Txanpon tabernak eraman du pintxo onenaren saria eta Monterreyk pintxo originalarena. Hamasei taberna aurkeztu dira lehiaketara eta guztiek egindako lana azpimarragarria, tabernari guztien ustetan udaberriko lehiaketa baino zailagoa baita udazkenekoa derrigor odolkia edo buzkantza erabili behar dutelako. Odolki magdalenak, brazo gitanoak, kanutilloak, berenjenakin egindako biribilkiak...
Kontsumo taldeak zer diren galdetu, eta hainbat hitz esan ditu errenkadan Aitor Roman lazkaotarrak , hitzak giltzak balira bezala. Roman Lazkaoko kontsumo taldearen barazki hornitzailea da. «Kontsumo taldeetan ekoizleok eta familia hartzaileek bat egiten dugu. Ekoizleok garaian garaiko produktu freskoak, osasungarriak eta ekologikoak dituzten otarreak banatzen ditugu. Familiek astean behin otarre bat jasotzen dute». Goierrin barazki ekologikoen ekoizleek 140 otarre inguru banatzen dituzte astean. Guztira zortzi kontsumo talde daude Goierrin: Ataunen, Beasainen, Lazkaon, Legorretan, Seguran, Urretxun eta Zumarragan; Legazpin bi talde daude.
Ezkio-Itsasoko abesbatzak 25. urtemuga bete du, eta hori ospatzeko, saio berezia egin dute asteburuan, udaletxeko aretoan. Saioarekin batera, Juanito Idiakez abesbatzaren sortzailea eta Xabier Barriola, egungo zuzendaria omendu zituzten. Herriko umeek, gainera, lore bana eman zieten abesbatzako kideei. Koruak mende laurdena bete badu ere, etorkizuna bermatzeko jende berria ere behar dutela gogorarazi zuten, eta horretarako, animatu eta izena emateko deia egin zieten herritarrei.
Lazkaoko Udalak ikurrinari omenaldia egin zion, ostiral arratsean. Euriagatik, plazako frontoiaren babesean burutu zen ekitaldian aitortu zion Azeari Andonegi alkateak "gure herriaren nortasun ikurrari" omena: "Euskal Herriaren nortasun ukazioan bizi garen garai honetan, ikurrinaren sinbolismoari garrantzia eman nahi diogu". Oin-Arin dantza taldekoen agurraren ondotik, udaletxe alboan masta luze batean zintzilikatu zuten ikurrina handi bat, 6 metro koadrokoa.