Nafarroa kalea oinezko bihurtzeko lanak hiru hilabetetan amaituko dira
Nafarroa kalea oinezko bihurtzeko lanak berehala hasiko ditu Legazpiko Udalak. Kepa Urtzelai alkateak esan berri duenez, «oztopo arkitektonikoak ezabatuko dira» oinezkoei, bizikletei eta ezgaitasuna dutenei, besteak beste lehentasuna emateko. Hiri-altzari berriak ere jarriko dituzte, «kale zaharrari merezi duen bezalako itxura emateko».
Kalea oinezko bihurtzeaz gain, azpiegiturak ere berrituko dituzte. Lan hauek «2008an onartutako Mugikortasun Iraunkorreko Planaren testuinguruan» egingo dituzte, eta bi zatitan gauzatuko dira. Lehenengo zatia Gipuzkoako Urak enpresaren eskumenekoa izango da. Edateko uraren eta ur fekalen hoditeriak berrituko dituzte, «Elizondon hasi eta Saturnino Telleria kaleko biribilguneraino». Horretarako hiru metroko sakoneran zulatu beharko dute kale osoa.
Obren bigarren zatia udalari dagokiona da. Kasu honetan, «kaleko argiteria, Iberdrola, Euskaltel eta Telefonicaren azpiegiturak eta euri uren hoditeriak» berrituko ditu udalak, kalea oinezko egiteaz gain. Lan hauek, ez dira Nafarroa kale osoan zehar egingo. Hasiera batean, «Elizondon hasi eta Mauleon jatetxera bitarteko zatia» hartuko baitute, aurrekontua dela eta. Dena dela, «lanak martxa onean badoaz eta aurreikusitako aurrekontuan mugituz gero» berrikuntzak kale osora zabalduko dituztela jakinarazi du alkateak.
Zoladura berria jarriko dute kale guztian zehar: «Irisgarria izango da». Gainera, herriko ondare izendapena duten eraikinak, «Euskaltegia, Andres Enea eta iturriak» gorri koloreko zoladura izango dute «elementu hauek nabarmendu eta balioan jartzeko». Gainera, led argidun 13 farola jarriko dituzte kale guztian zehar, eta «fatxadetan dauden farola guztiak kendu» egingo dituzte.
Kale Nagusian ere bai Era berean, berde guneak jarriko dituzte kaleko zenbait puntutan, eta «hiri-altzariak eta bizikletak uzteko guneren bat edo beste» ere egokituko dute. Oztopo arkitektonikoak, espaloiak, koskak… kenduko dituzte eta ondorioz, «kaleak bisualki zabaleran irabaziko du». Nafarroa kaleko lanak Kale Nagusian beste lan batzuk egiteko ere probestuko dira. Txomineko pasabidetik Kutxaraino altxatutako zebrabide bat jarriko dute, «oinezkoek kotxeekiko lehentasuna» izan dezaten.
Lanak Excavaciones de Diego enpresari esleitu zaizkio eta guztira 398.209 euroko aurrekontua izango dute. Gipuzkoako Urak enpresak ordainduko ditu lanak bere osotasunean, udalarekin 10 urterako hitzartu duen kontratua dela eta.