Okzitaniako Tolosan egon izana ukatu egin du Gorka Ovejero zumarragarrak
2011n Okzitaniako Tolosan Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari hiru tarta botatzeagatik auzipetutako bost kideak gaur epaitu dituzte. Horien artean dago Gorka Ovejero zumarragarra (1972). Epaiketa 10:35 aldera hasi da, eta Ovejero izan da hitza hartzen lehena. Soilik defentsako abokatuei erantzun die, eta ukatu egin du orain bi urteko urriaren 27an Okzitaniako Tolosan egon izana.
Fiskalak nabarmendu du “delitu larria” izan zela Barcinari tartak bota izana, eta bosna urteko espetxe zigorrari eutsi dio. Fiskalak bost urteko kartzela zigorra eskatu du laurentzat. Barcinaren abokatuak, berriz, sei urteko espetxealdia galdegin du hiru kiderentzat, eta bederatzikoa Ovejerorentzat —hautetsia zenez, delitua larriagoa dela uste du—.
Defentsako abokatuak argudiatu du Auzitegi Nazionala ez dela gertaerari dagokion jurisdikzioa, eta gogoratu du Frantziako auzitegiek auzia artxibatu zutela. Lau auzipetuen abokatuek absoluzioa eskatu dute guztientzat, eta sententziaren zain geratu da auzia.
2011ko urriaren 27a zen. Pirinioetako Lan Elkarteak bilera zuen Okzitaniako Tolosan. Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea zen elkarteko buru garai hartan. Bilkurara sartu ziren Mugituko kideak, trajez jantzita. Agintariak zeuden tokira hurbildu, ezkutatuta zeramatzaten tartak atera, eta Barcinari jaurti zizkioten.
Biharamunean, Iruñean, atxilotu egin zituzten hiru lagun: Gorka Ovejero, Ibon Garcia eta Julio Villanueva. Espainiako Auzitegi Nazionalak hartu zuen bere gain ikerketa, agintearen aurkako erasotzat hartu baitzuten kasua. Barcina bera joan zen deklaratzera Madrilera. Hala esan zion epaileari: “Min egin zidaten tartek, gogorra baita merenge frantsesa”.