Patxo Telleriak 'Bypass' pelikula aurkeztuko du ostiralean Idiazabalen
Idiazabalgo Udaleko Kultura sailak Zine gauak programa antolatu du. Ostiraletan euskaraz egindako pelikulak ematen ari dira. Ostiral honetan azken emanaldia egingo dute. Bypass emango dute. Komedia honetako protagonista Sara Cozar ordiziarra da. Gorka Otxoa, Barbara Goenaga, Mikel Losada, Itziar Atienza, Aitor Mazo eta Unax Ugalde aktore ezagunek ere parte hartzen dute. Amerikako Estatu Batuetako Traverse City jaialdian komediarik onenaren saria irabazi zuten. Idiazabalgo emanaldira Patxo Telleria zuzendaria etorriko da. Guraso elkarteko aretoan egingo dute, 22:00etan. Sarrerak 2 euro balio du.