Urretxu eta Legazpi arteko bidegorria osatuko dute
Gipuzkoako Foru Aldundiak Urretxu eta Legazpi arteko bidegorria Legazpiko herri barruko bidegorriarekin lotzeko falta den zatia egingo duela iragarri berri du. 500 metro luze den zatian egingo dituzte lanak eta aurreikuspenen arabera, obrak hasi eta bost asteko epean amaituta egongo dira lanak.
Gaur egun Urretxu eta Legazpi lotzen dituen bidegorria GSB Forja S.A. lantokiaren parean amaitzen da. Lan hauekin bide zati honi jarraipena emango dio aldundiak. GI-2650 errepideko 2,5 kilometro puntutik bizikleta eta oinezkoentzako erabilera partekatuko bidea egingo dute. Horretarako errepide zati horretako espaloia (argazkian) hobetu eta egokituko dute. Zati berri honek herriguneko bidegorriarekin bat egingo du, aldundiak epe motzean egingo duen biribilgunearen bitartez.
Lanak berehala hasiko dituzte
Hobekuntza lanak oinarrian, sestraren kota galtzadaren gainetik igotzea, bideari herriguneko zatiarekin bat egiten duen tokian mikroaglomeratua erabilita errodadura bukaera ematea, GI-2650 errepidea hustubide berriak izango dituen kontrazinta baten bitartez mugatzea, eta bide berria egokitzeko seinale eta baliza egokiak jartzea izango dira.
Aldunditik jakinarazi dutenez, lanak berehala hasiko dituzte. Obrak Urbycolan enpresak egingo ditu eta bost asteko epea izango du amaitzeko. Lan hauek, 96.874,11 euroko aurrekontua dute guztira, BEZ barne.