Aitor Sarriegi eta Unai Agirre bertsolariak Bixibixi saioan egongo dira
Aitor Sarriegik eta Unai Agirrek Bertsolari Txapelketa Nagusiari buruz hitz egingo dute bihar Segura Irratiko Bixibixi saioan. Beasaindarrak eta hernaniarrak puntu kopuru berbera eskuratu dute finalerdietan, baina finalerako txartela beasaindarrak eskuratu du postu hobeak lortu dituelako.
Lierni Elortzaren irratsaioan, bertsolaritzaz ez ezik, Durangoko Azokaz ere hitz egingo dute. Izan ere, aurtengo edizioa etzi hasiko da eta igandean itxiko ditu ateak. Gainera, Urretxu eta Zumarragako udal euskaltegiko Marijo Etxeberria irakasleak euren euskara aberasten lagunduko die entzuleei.
Bestalde, Elhuyar fundazioko Gillermo Roak Quark saioa eskainiko du. Oraingo honetan, atzera bota duten ikerketa bati buruz hitz egingo du. Arto transgenikoa eta minbizia lotzen zituena, alegia. Saioa bukatzeko, Ainhoa Urretabizkaia kazetari urretxuarrak musika albisteak emango ditu.
Segura Irratiko Bixibixi saioa bihar 12:15ean hasiko da eta bi aldiz errepikatuko dute: etzi 19:00etan eta igandean 08:00etan, FMko 89,2an. Irratsaio hau Goierriko Hitzaren webgunean ere entzun daiteke.