10. urteurreneko irudiaren bila
Goierriko Hitza egunkariaren sorreratik 10 urte igaro dira, eta urteurrena ospatzeko ekitaldien eta ekintzen barruan urteurrena irudikatzeko erabiliko den irudia bilatzeko logo lehiaketa antolatu da. Urteurrena urriaren 5ean izango da, baina data hori irakurleekin eta harpidedunekin ospatzeko helburuarekin hainbat ekintza eta ekitaldi egingo dira 2014an zehar. Ekitaldi eta ekintza horiek iragartzeko karteletan, materialetan eta beste euskarri batzuetan erabiltzeko urteurreneko irudia izango da logoa.
Lehiaketa publikoa izango da, eta eskualdeko herriren batean jaio edo bizi den edonork parte hartu ahalko du. Egileek nahi duten teknika artistikoa erabili ahal izango dute irudia egiteko, baina lanak originalak eta beste lehiaketaren batean saritu gabeak izan beharko dira.
«10 urte, 11 kontu»
Irudiak 10. urteurrena islatu beharko du ezinbestean, 10 urte, 11 kontu leloa oinarri hartuta. Lanak programa bektorial batekin egin beharko dira –Illustrator, Freehand…–, 300 ppp-ko gutxieneko bereizmenarekin, eta zuri-beltzean eta koloretan erabiltzeko moduan.
Lanak aurkezteko epea gaur irekiko da, eta martxoaren 16ra arte aurkeztu ahalko dira. Logoak egilearen izenik gabe aurkeztu beharko dira goierrilogoa@hotmail.com helbidera bidalita. Mezu berean, aparteko dokumentu batean txertatu beharko dute parte hartzaileek bere datuak jasotzen dituen dokumentua: izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa eta telefono zenbakia.
Asteburu bateko egonaldia
Saridunaren izena eta 10.urteurrenerako aukeratutako irudia martxoaren 25eko Goierriko Hitza-ren alean jakinaraziko dira. Irabazleak bi lagunentzako asteburu baterako egonaldia irabaziko du, Zumaiako (Gipuzkoa) Santa Klara nekazal etxean. Horrez gain, Olasagasti etxeko kontserba kaxa bat, Goierriko Hitza-ren material sorta bat eta urtebeterako harpidetza bat ere jasoko ditu.
Parte hartzaile guztien artean Goierriko Hitza-ren materiala ere zozkatuko da: sudaderak, motxilak, aterkiak, liburuak…
Lan irabazlea Goierriko Hedabideak-eko lan taldeak aukeratuko du. Logo irabazlearen jabetza eskubidea Goierriko Hitza-ren esku geratuko da, eta irudia erabiltzeko askatasun guztia izango du. Lehiaketa honetan parte hartzeak aurrez adierazitako baldintza guztiak onartzen direla adieraziko du, eta baita epaimahaiaren behin betiko erabakia ere.
Informazio gehiagorako goierrilogoa@hotmail.com helbidera idatzi daiteke.